Askotariko egitaraua prestatu du Topic-ek Madrilen

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 2a, 10:37

Madrilgo Centro Dramatico Nacionaleko Titereszena egitarauan hartuko du parte Topic zentroak

Madrilgo Centro Dramatico Nacionaleko denboraldi berria aurkeztu dute, eta Titereszena egitarauaren barruan berriro ere Tolosako Topic zentroak parte hartuko duela iragarri dute.

Idoya Otegui Tolosako zentroko zuzendariak txotxongiloen denboraldi berriari buruzko zertzelada batzuk eman zituen aurkezpenean. "Nazioarteko eta Espainiako konpainien partaidetzarekin, kalitate handiko ikuskizunen hautaketa" egin dutela esan zuen. Hala, Valle-Inclan antzokiko hainbat gunetan ikusle guztientzat ikuskizunak ikus ahal izango dira, eta, urtean zehar, txotxongiloen arteari buruzko tailerrak eta ikastaroak antolatuko dituzte profesionalentzat eta haurrentzat.

Lehen ikuskizuna, El patito feo, 2021eko urriaren 2an eta 3an izango da, Mirlo Blanco aretoan, La Puntual konpainia katalanaren eskutik. Hans Christian Andersenen ipuin ezagunaren egokitzapena da. Azaroaren 27an eta 28an, De Filippo Marionette (Italia) konpainiaren Colgando de un hilo antzezlana izango da; abenduaren 18an eta 19an, Xip Xap katalanek El lobo y las siete cabritillas eskainiko dute, Paco Paricioren zuzendaritzapean; 2022ko urtarrilaren 15ean eta 16an, Teatro Plusen (Asturias) Pan lana ikusi ahal izango da; otsailaren 26an eta 27an, Gorakada konpainiaren Pinochio (Euskal Herria); martxoaren 5ean eta 6an, Binefarreko titiriteroen Chorpatélicos; apirilaren 23an eta 24an, La Granja, Cía Teloncillorena (Valladolid); maiatzaren 21 eta 22an, Babel Teatro (Argentina) taldearen Beethoven eta ekainaren 4 eta 5ean Xake Produkzioak taldearen Alex.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!