Gustuko naturan, aldaparik ez

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko uzt. 2a, 11:59

Tolosako Elosegi parkeko bioaniztasuna balioan jartzeko, ibilbide botaniko bat markatu dute, eta aukera dago espezierik esanguratsuenen datuen eta bitxikerien berri izateko.

Antonio Elosegi markesaren jauregiko lorategiaren zati bat da Elosegi parkea, Pierre Ducasse lorezain frantziarrak XIX. mendean diseinatua. Zedroz, zipresez, haritzez, pagoz eta ezkiz osatutako baso txiki bat da, muxar, koartza, katagorri, saguzar, anfibio eta intsektuen babeslekua, eta, besteak beste, putzuak, haitzuloak eta minareteak kontserbatzen dituena. “Oso lasaia da, garai batean etxe inguruetan egiten ziren parkeen antzekoa. Bakean uzten denean, naturak zer egiten duen ikasteko balio du”, adierazi du Patxi Amantegi Tolosako Udaleko Ingurumen zinegotziak.

Bisita libreko gunea ez bada ere, natur eskola gisa kontserbatu nahi du udalak; horregatik, herritarrentzako aisialdirako gune gisa zabaldu zuen iaz. Ordura arte, itxita egon zen sarrera, eta azken urtean ere tarteka egon da zabalik, pandemiaren eraginez. “Egokituz doa parkea, eta bere zentzua hartzen ari da. Agian ez da guztiz erosoa, aldapatsua delako, baina oso interesgarria da, eta xarma berezia du”, adierazi du Margi Iturriza Galemys elkarteko ingurumen hezitzaileak.

Azken urteetan, zabalik egon bada ere, herritar gutxi joan da parkea ezagutzera. “Herritarrek ez dute ondo ezagutzen bertako ondare naturala”, esan du Amantegik. Hori dela eta, erronka bat daukate: udalak eta Galemysek ibilbide botaniko bat diseinatu eta garatu dute elkarlanean, parkeko bioaniztasuna balioan jartzeko eta duen aberastasun botaniko eta ekologikoa ondo ezagutzeko aukera emateko. “Herritarrak gehiago erakartzeko modu bat izan zitekeela iruditu zitzaigun, paseoak egiteko leku aproposa baita inguru hori”, azaldu du Iturrizak. Amantegik nabarmendu du Eskola Agenda 21 proiektuan sortu zela ibilbide botanikoaren ekimena: “Tolosako biodibertsitatea lantzeko herritarrek proposatutako ekintza bat izan zen, eta, ingurua eta baliabideak aztertu ondoren, aurten martxan jartzea erabaki dugu”.

Maldaren abantailak

Tolosako Udaleko Ingurumen Sailarekin elkarlanean hasi zen Iturriza ibilbidea diseinatzen: “Zirkuitu bat osatzen duen asfaltatutako bide bat du parkeak, begiratokitik igarotzen dena, eta hori aprobetxatu nahi izan dugu. Horrez gain, parkearen sarreran dagoen panela eraberritu dugu, eta ibilbidean topa daitezkeen espezieen kokalekua eta irudia azaltzen dira bertan”. Parkeko ibilbidea aldapatsua izateak abantailak dituela ere aitortu du hezitzaileak: “Gorantz joateak poliki ibiltzea dakar, eta bertako aberastasuna tentuz ezagutzeko aukera ematen du horrek. Gainera, bidean poliki joanez gero, landareak ikusteaz gain, animaliak ikusi eta entzuteko aukera ere badago”.

Ibilbidearen berregokitze eta diseinu lanek ez diote zailtasunik gehitu hezitzaileari, “bidea lehendik markatuta zegoelako”. Berez, logika bati jarraituz, diseinatzaileek markatutako ibilbidearen arabera, zenbakiekin zerrendatuta daude espezie guztiak. “Hala ere, parkeko aldapa batzuk beste batzuk baino leunagoak dira, eta, beraz, bisitari bakoitzak nahi bezala osa dezake ibilbidea”.

Sakelakoa gidari

Guztira, 11 zuhaitz eta hildako enbor bat aukeratu dituzte ibilbidean. “Lorategiko espezierik deigarri edo esanguratsuenak dira, tamainagatik edo espeziearen arabera. Ez ditugu denak gune berean markatu; ibilbidean sakabanatuta daude”, esan du Iturrizak. Informazio gune bat, panel bat ezarri dute ibilbiderako aukeratutako espezie bakoitzaren ondoan. “Espezie bakoitzaren izen arrunta eta izen zientifikoa eta kokapena agertzen dira bertan, baita desegiten ari diren enborrenak ere”.

Gainera, eta herritarrei gauzak errazte aldera, QR kode bat du panel bakoitzak, eta, sakelakoarekin eskaneatuz gero, ibilbideko gune horri buruzko xehetasunak eta espeziearen bitxikeriak eta argazkiak kontsultatzera bideratzen du oinezkoa. “Informazioa modu erosoan eskuratzeko aukera eskaintzen du, eta informazio hori, gainera, idatziz kontsultatzeaz gain, audio formatuan ere entzun daiteke”, nabarmendu du Iturrizak.

Azalpenak audio bidez entzutea “erosoagoa” dela azpimarratu du hezitzaileak: “Azalpenak entzun bitartean, ingurua gainbegiratu daiteke, eta baita espezie ezberdinak egun ezberdinetan bisitatu ere. Bisita gidatuetan pertsona bat izaten da ondoan, baina kasu honetan sakelakoak egin ditzake gidari lanak”. Iturrizak zehaztu duenez, horrekin ez dute baztertu aurrerago gida baten laguntzarekin bisita gidatuak egiteko aukera.

Berez, ibilbiderako aukeratutakoak baino espezie gehiago daude parkean. Fortuneko hagina da Iturrizaren gogokoena: “Lehen aldiz ikusi nuen bertan, eta ez dut beste inon ikusi. Txinatar jatorriko zuhaitz bat da, berezia. Hagin arruntaren antza du, baina fruituei eta hostoei erreparatuz gero, ez dute zerikusirik”, azaldu du. Zuhaitz mota horren ar eta emeak topa daitezke Elosegin. “Urteen poderioz, parkean barrena zabalduz joan dira. Ziurrenik, katagorriek edo bestelako animaliek fruituak hartu eta beste leku batean landatzearen ondorioz gertatu da hori, inor ohartu gabe”. Halaber, parkea urteko sasoi ezberdinetan bisitatzea aholkatu du Iturrizak: “Zuhaitzek itxura ezberdina izaten dute urtarotik urtarora, eta nola aldatzen diren ikus daiteke horrela”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!