Espainiako Kopan lehen postua lortu dute

Ataria 2021eko uztailaren 1a

Tolosa CF-ko lehen mailako gimnastak gailendu dira Valladoliden izandako lehian. Junior mailakoek 10. postua lortu dute.

Valladoliden izan ziren atzo Tolosa CF-ko gimnastika erritmikoko taldeko neskak. Pasa den hilabetean Espainiako Taldekako Kopako lehen faserako txartela lortu ostean, gogoz jarraitu dute lanean eta ilusio handiz egin zuten bidaia.

Irene Arbeloa, Ismene Agirre, Aitane Goikoetxea, Ane Alustiza eta Mara Herrera dira Lehen Mailako taldeko neskak. Eguerdian izan zuten txanda, eta xingola eta pilotarekin ariketa borobila egin zuten tapizean. Horrela lehen mailako Espainiako Kopako txapeldun izan ziren. Gimnastentzat lehen domina izan da lehen mailan lehiatzen direnetik.

Junior taldea osatzen duten gimnastek, June Bengoetxea, Saioa Zeberio, Ane Barandiaran, Ahetze Olano, Maite Iturrioz eta Aroa Zugastik, bi xingola eta hiru uztaiekin defendatu zuten ariketa goizean goiz, sailkapen orokorrean 10. postua lortuz. Bi taldeetako gimnastei ongietorria egin zieten atzo arratsaldean, klubak Usabalen duen pabiloiaren aurrean.

Gimnasten hurrengo erronka uztailean izango da Valentzian. Bertan Taldekako Kopako bigarren fasea ospatuko da. Klubetik gimnastak, entrenatzaileak eta familiak zoriondu eta eskertu nahi dituzte, «une zail hauetan egiten ari diren esfortzuagatik». Baita Valves CMO, Pulidos Leunlan, Mecanizados Garmendiola eta Garaje Tolosari, «gure klubarengatik egiten ari diren guztiagatik». Bide batez, Tolosa CF-tik azaldu dutenez, datorren ikasturterako izen-emate epea zabalik dute. Horretarako cgrtolosa@gmail.com helbidera idatzi daiteke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!