Gazte eta helduentzat ikastaroak, Zumardiaren eskutik

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 1a, 13:54

Piraguismoa, mendiko bizikleta eta rolleskia jarri dituzte aukeran uztailerako.

Uda honetarako ere Tolosako Zumardia elkarteak gazte eta helduei zuzendutako hainbat ikastaro antolatu ditu. Hain justu, piraguismoa, mendiko bizikleta eta rolleskia egiteko aukera izango da uztailean. 
 
Piraguismoari dagokionez, bost ikastaro egongo dira aukeran. Hastapena, oinarrizko Paladak ikastaroan, piragua itxi bat maneiatzen ikasiko dute, piraguatik atera eta piraguara sartzeko modu seguruenak eta beste hainbat baliabide garatuko dituzte. Uztailaren 5etik 7ra izango da, 19:00etatik 20:30era, Tolosako Oria ibaian. 6tik 12ra bitarteko taldeak izango dira, eta 31 euro ordainduko dute bazkideek, eta gainerakoek 35.
 
Palada aurreratua ikastaroa uztailaren 3an izango da Tolosan, 10:00etatik 13:00etara. Oinarrizko paladak ondo ezagutu eta maila teknikoa hobetu nahi dutenei zuzendua da, eta ur bizietako zein itsasoko piraguetarako gomendagarria dela esan dute. Palada ezberdinen konbinazioak ezagutzea da helburua. 5-12ko taldeak izango dira, eta bazkideek 27 euro ordainduko dute, eta ez bazkideek 35.
 
Ur biziak, oinarrizkoa ikastaroa uztailaren 10ean eskainiko dute, 16:00etatik 19:00etara, Bidasoa ibaian. Teknika ur lasterretan erabiltzen ikasteko saioa da, ez da hasiberriei zuzendua, eta gutxieneko maila bat beharrezkoa izango da. 4-8ko taldeetan emango da, eta bazkide bakoitzak 36 euro ordainduko du, eta gainerakoek 40.
 
Itsasoko piragua, trabesiakoak ikastaroa uztailaren 24an, Orion edo Getarian izango da, 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 18:00etara. Oinarrizko maila badutenei zuzendua da, eta ur irekietan segurtasun eta baliabide handiagoz ibiltzen ikasiko dute. 4-8ko taldeetan egingo dute, eta bazkidek 68 eta gainerakoek 75 euro ordaindu beharko dute.
 
Jarraipen ikastaroari dagokionez, uztailaren 8, 15, 22 eta 29an izango da, 19:00etatik 20:30era. Ikastaroetan parte hartu dutenentzat jarraipena emateko modua da. Helburua da talde giroa sustatzea eta jolas eta ariketa zuzenduen bidez maila hobetu edota sendotzea.
 
Beñat Azurmendi piraguismoko teknikaria eta mendiko bizikletan aditua izango da ikastaroetako irakaslea.
 
Bestalde, mendiko bizikleta ikastaroa uztailaren 12tik 16ra izango da, 19:00etatik 20:30era. Oinarrizko nozio batzuk ikasiz gero askoz gehiago gozatu ahal dela mendi irteeretan diote Zumardiatik, eta ikastaroan zehar, oreka, frenatzeak, kanbioak, erritmoak, estrategiak edota gurpilak altxatzea ikasiko dituzte, pumptrackera irteera egingo dute, eta mendi irtera batekin amaituko dute. 4-10eko taldeak izango dira, bost saioko ikastaroa da, eta bazkideek 68 euro, eta gainerakoek 75 ordainduko dute. Kasu honetan ere, Beñat Azurmendi izango da irakaslea.

Rollerski ikastaroari dagokionez, uztailaren 5etik 9ra izango da, 16:00etatik 17:30era. Iraupen eskia ezagutu, eta udarako alternatiba bat nahi dutenentzat interesgarria dela diote Zumardiatik. Bazkideek 45 euro, eta gainerakoek 50 euro ordainduko dute. Irakaslea Ane Gorostegi iraupen eskian aditua izango da.
 

Ikastaroetan izena emateko edota informazio gehiago lortzeko Zumardia.eus webgunera jo daiteke, info@zumardia.eus helbidera idatzi edo 688 72 62 13 zenbakira deitu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!