Zumarditxikiarekin zer egin erabakitzeko lehen bilera irekia, astelehenean

Ataria 2021eko uztailaren 2a

Orain arte landutako proiektua aurkeztuko du udalak; kultur etxean izango da saioa, 18:00etan hasita, eta parte hartu nahi duten herritarren aurrez eman behar dute izena.

Zumarditxikia berreskuratu eta herritarren eskura jartzeko lanean jarraitzen du Tolosako Udalak. Proiektuaren idazketaz arduratzen ari den Sestra enpresak prest du lehen zirriborroa; orain, berriz, orain arteko lanketa herritarrekin partekatzeko eta haien iritziak eta ekarpenak jasotzeko lan saio irekia egingo da. Astelehenean izango da saioa, kultur etxean, 18:00etatik 20:00etara. "Zirriborro horretaz baliatzea da asmoa, herritarren ekarpenekin bateratzeko", adierazi du udalak.

Zumarditxikia eremuak bere garaian izan zuen erabilera soziala berreskuratzea da udalaren asmoa, espazio hori berriz ere herritarren eskura jartzeko. Hala, zirriborroa egiteko, 2018ko partaidetza prozesuan landutakoa zein berrantolaketarako kontuan hartu diren elementuak hartu ditu oinarri Sestra enpresak, eta orduan egin zen bezala, parte hartze prozesu bidez osatuko da zirriborroa, exekuzio proiektua idatzi aurretik.

Aurreikuspenen arabera, datorren urte hasierarako eskuartean izango du udalak proiektu berria, eta behin proiektu horrek Ur Agentziaren oniritzia jasotzen duenean jarriko da martxan. 2022an bertan jarriko dute martxan obra egiteko lizitazioa, legealdi honetan bertan lanekin hasteko.

Proiektu estrategikoena

Tolosako Udalarentzat garrantzi handia du Zumarditxikiaren berregituraketak, euren hitzetan, "2019-2023 legealdiko proiektu estrategikoena da". Horregatik, parte hartze prozesuko saio irekira gonbidatu ditu herritarrak. Saiora joan nahi dutenek aurrez eman behar dute izena, hirigintza@tolosa.eus helbidera mezua bidaliz edo UDATE-ra (Herritarren Arreta Zerbitzura) deituz (010).

Zumarditxikia herri erdigunean kokatutako natur eremu bat izatea da udalaren helburua. "Lehentasunezkoa da eremu hori herritarren eskura jartzea, ibaia herrian integratu eta Tolosak zein tolosarrek gaur egun dituzten beharretara egokituz, guztiontzat aproposa izango den espazio publiko inklusibo bat sortzea. Aisiara bideratutako espazio bat izatea nahi dugu, hirigintza eredu jasangarrien bidez gizarte ekintzak antolatzeko aukera emango duena". Udalak adierazi duenez, ingurumena ere oso kontuan izan dute proiektu honen garapenean. "Tolosa Badabil Mugikortasun Plan berrian zehaztuta dauden hainbat helbururekin bat egiten du".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!