Jai berdinzaleagoen aldeko ekintza plana zehaztu du udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko uzt. 1a, 08:59

Jaien Berdintasun Behatokiak osatu du plana, udazkenean aurkeztuko dute, eta datozen lau urteetan berdintasuna eta parekidetasuna sustatzeko urratsak ematea du helburu.

Jai berdinzaleagoen aldeko lanketan, urratsak ematen jarraitzen du Tolosako Udalak. Horrela, Jaien Berdintasun Behatokiaren lehen ekintza plana garatu du, erakunde, herritar nahiz eragileekin, berdintasuna eta parekidetasuna zeharkakotasunez lantzeko, batez ere, jaien esparruan, baina baita gizarteko gainerako arloetan ere.

2017an hasi zen Jaien Berdintasun Behatokia Tolosako San Joan jaiak berdintasunaren ikuspegitik aztertzen. Ondoren, Larramendi auzoko jaiak gehitu ziren azterketara, eta iaz egin zen azkena, inauterien inguruan. Orain arteko ikerketetan eta udal sailekin eta herriko hainbat eragilerekin izandako solasaldietan oinarrituta, ekintza plana osatu du behatokiak. «Dena den, jaiak eta gizartea urtez urte aldatzen diren heinean, ekintza plana malgua da eta egokitzeko gaitasuna du», adierazi du udalak.

Lau ardatz nagusi ditu planak: behatokiaren eginkizunak eta antolakuntza modu sistematizatu batean garatzea, Tolosako jai ezberdinen antolakuntzan parekidetasuna sustatzea, festetako jardueretan genero ikuspegi kritikoa txertatzea eta indarkeria matxistarik gabeko jaiak bultzatzea. Udazkenean aurkeztuko dituzte planean txertatutako ekintzak, eta datozen lau urteetan (2024ra arte) gauzatuko dira.

PROPOSAMENEN KUTXA

Tolosako Udaleko berdintasun eta jaietako sailen arteko elkarlanaren bitartez sustatzen da Jaien Berdintasun Behatokia; hala ere, berdintasunaren aldeko lanketa zeharkakotasunez garatzea eta gizarteratzea da planaren helburua. Hortaz, lehen aipatutako lau ardatzak kontuan izanik, jaietan inplikatzen diren udal sail edo eragileek, beraien proposamenak egiteko aukera dute, proposamenen kutxa izeneko sistemaren eta bere egutegiaren bidez.

TOLOSA, AITZINDARIA

Emakundek, bere aldetik, eredu parte-hartzaileagoak eta berdinzaleagoak sustatzeko estrategiak aztertu ditu Euskal Herriko bederatzi herrietako festetan; besteak beste, Tolosako San Joan jaien eta inauterien inguruan egin du lanketa Emakumeen Euskal Erakundeak. «Tolosa aitzindaria izan da inauteri eta San Joan jaietako jarduerak berdintasunean aurrera egiteko lan-eremutzat hartzen», esan du Emakundek.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!