ELKARRIZKETA

«Oso urrutira joan gabe, hemen inguruan talentu handiak daude»

Jon Miranda Labaien 2021ko uzt. 1a, 07:59

Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzak 14 eta16 urte arteko gazteen sare sozialetan euskarazko sorkuntza bultzatzeko asmoz jarri du abian lehiaketa; erronketako bat irabazi du Tolosako gazteak.

Gipuzkoa osoko 1.257 neska-mutil barneratu dira lehen aldiz ikus-entzunezkoen munduan Hi Gazte dinamikaren bitartez. Aurretik ere lan horietan esperientzia bazuen Laskoraingo ikasle Oier Gastesi Tolosak (Tolosa, 2005) eta erronketako batean lehen saria eskuratu du.

Zein helbururekin antolatzen dute 'Hi Gazte' dinamika?

Gazteak euskarazko ikus-entzunezko edukiak lantzera eta sare sozialen bidez konpartitzera animatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak sortutako egitasmoa da. 14 eta 16 urte bitarteko gazteei bideratutakoa da eta guk ikastetxearen bitartez parte hartzeko aukera izan dugu.

Nola sortu zitzaizun aukera dinamikaren barruko lehiaketan parte hartzeko ?

Martxo inguruan Leidor aretoan ekitaldi bat antolatu zen dinamika honen barruan. Laskorain ikastolako eta Orixe institutuko ikasleak gerturatu ginen eta han planteatu ziguten lehiaketa. Kai Nakai eta Odik sortzaileak gerturatu zitzaizkigun eta haiek esplikatu ziguten zertan datzan dinamika.

Lehenengo erronkan eman dizute sari nagusia. Zein egiteko jarri zizueten?

Hi Gazte dinamika lelo bila zebilen eta saio horretan gazteoi proposatu ziguten hori asmatzea. Meme bat, bikoizketa lan bat, bideo bat edota podcast bat egin eta bertan txertatu behar genuen asmatutako leloa. Gero, Hi Gazte izendatu behar genuen gure Instagram edo Tiktok kontuetan. Orduan aurreratu ziguten irabazlearentzat sari potolo bat egongo zela.

Zein lelo proposatu dituzu kanpainarako?

Hasieran pentsatu nuen ez ote zitzaidan handiegia geratzen horrelako lan bat. Gutxi parte hartzen ari zirela ikusita, pentsatu nuen zerbait egin nezakeela. Badut lagun bat, Maddi Jauregi, musika talde batean dabilena eta taldean euskaraz aritzen direnez ezin egokiagoa iruditu zitzaidan berekin zerbait egitea. Gidoia prestatu eta podcast bat egin nuen berekin izandako solasaldia grabatuz. Proiektu bakoitzak lelo ezberdina zeraman eta podcast honen kasuan, Hi Gazte, zergatik ez euskaraz aukeratu nuen.

Zein beste eduki sortu zenituen lehen erronkarako?

Euskal musikaren gaur egungo egoera azalduz ikus-entzunezko lan txiki bat egin nuen, proiektu honetan parte hartzen ari diren artista eta kantarien bideoak jarriz. Adierazi nahi nuen, askorentzat ezezagunak izan arren, entzuten jarriz gero gustatuko zaiela euskal musikariek egiten duten lana. Ikusgarritasuna eman nahi nien. Haietako baten larruan jarri eta bere ametsak azalduz beste lantxo bat egin nuen argazkiak eta bestelako baliabideak erabilita.

Espero al zenuen lehen saria?

Ez, sorpresa handia izan zen. Oraindik ezin sinetsi nabil.

Zure ikaskide eta lagun batek ere lortu du beste sari bat.

Bai. Nire kuadrillakoa da, Ekaitz Beraza, eta parte hartze aktiboagatik eman diote saria. Instagramen dezente meme eta publikazio jarri zituen. Airpods batzuk suertatu zaizkio.

Lehenengo erronkan jaso duzu sari nagusia. Beste bi ere proposatu zizkizueten. Horietan ere parte hartu zenuen?

Bigarren saio bat izan genuen Leidorren eta han Kai Nakaik eta Maialen Sorzabalberek hartu zuten parte. Orduan jakinarazi zidaten lehenengo saria eskuratu nuela, beraz, bigarren erronkan ez parte hartzea erabaki nuen. Bigarren saio hori dinamikoagoa izan zen eta ikus-entzunezko bat sortzerakoan kontuan hartu beharrekoak kontatu zizkiguten: gidoia, argia, soinua... Interesgarria izan zen guretzat. Orduko hartan beste erronka bat proposatu ziguten eta bideo laburrak sortu behar genituen mugikorrekin grabatuta. Baldintza zen ate batek agertu behar zuela ikus-entzunezko horretan. Kasu honetan Andoaingo La Salle Berrozpe ikastetxeko talde batek jaso zuen lehen saria eta GoPro Hero 9 bat eskuratu zuten. Hirugarren erronkan bai parte hartu nuela. Traola bat asmatuta argazki bat atera eta Instagrameko gure kontura igo behar genuen. Uzturrera igo eta han eguzkia sartzen ari zela atera nuen argazkia eta bi lagun izendatu nituen.

Sari banaketa ekitaldia ekainaren 16an egin zuten Donostian. Nola joan zen?

Tabakaleran egin zuten sari emate ekitaldia eta festa polita antolatu zuten. Youtuben dago ikusgai emanaldia osorik. Bamboo Dance eta beste artista batzuk hartu zuten parte.

Sariarekin kontentu?

Bai. Iphone 12a eman zidaten eta oso pozik nago. Orain udan asko erabiliko dut argazkiak atera eta bideoak grabatzeko.

Zein sare sozial erabiltzen dituzu zuk?

Whatsapp eta Instagram erabiltzen ditut gehienbat. Orain oso modan dago Tiktok baino ez zait batere gustatzen eta azkenean kontua kendu nuen. Gainera oso eduki gutxi sortzen dira plataforma horretan euskaraz. Bestela, Youtuben kanal bat sortu eta bertan aritzea bururatu izan zait, baina iruzkin positibo eta negatiboei aurre egiteko prest egon behar izaten duzu eta oraindik gaztea naizela iruditzen zait. Aurten beteko ditut 16 urte. Bestelakoan, aurten mikrofono profesional bat erosi dut eta podcastak grabatzen ditut astero, lagunartean zabaltzeko.

Gehienbat euskaraz jarduten duzu?

Bai. Gainera ez dut lotsarik izaten. Antzerkiren bat egin behar bada edo aurkezpen bat egitea tokatzen bada ikastetxean, nire burua aurkezten dut horretarako. Jendaurrean aritzeak ez nau atzeratzen.

Zein ikasketa egitea gustatuko litzaizuke?

DBH bukatu dut orain eta Batxilergoa egiten hasiko naiz, letren adarrean. Gradu bikoitz bat egin nahiko nuke ikus-entzunezko komunikazioa eta kazetaritza uztartzen dituena. Zuek hemen egiten duzuen lana egitea gustatuko litzaidake etorkizunean.

Joera handia al dago zure adinekoen artean gaztelania erabiltzeko sare sozialetan?

Laskorain ikastolan ikasten dut eta nire ingurunea euskalduna da. Nire ama hizkuntza euskara da eta sortzen ditudan eduki guztiak euskaraz sortzen ditut. Dena den, beste sortzaileen lana jarraitzerako orduan nik nabari dut oso jende gutxik jarraitzen duela euskal musika, adibidez.

Aldundiak dio Gipuzkoan 30 urte arteko gazteen %30ak soilik erabiltzen duela euskara sare sozialetan. Ados zaude datuarekin?

Bai. Pena da baina zoritxarrez horrela da. Nik uste denon artean eragin dezakegula datu horiek aldatu daitezen.

Uste duzu ekimen honek lagunduko duela ezertan?

Baietz uste dut. Garrantzitsua da Hi Gazte bezalako ekimenak, erakusteko jendeari oso urrutira joan gabe hemen inguruan badaudela talentu handiak. Artista asko dago Euskal Herrian, beraz, gazteok ezagutu eta sare sozialetan jarrai ditzagun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!