Arrazakeria, zer arrazakeria? Ba arrazakeria instituzionala: egon badago eta leku askotan

Luigi Ferrajoli Zuzenbidearen filosofoa. ATARIA

Diaz Ayuso andrearen inbestidura-eztabaidan Madrilgo Batzarrean gertatutakoari buruz hausnarketa asko egin daitezke. Bertan, VOXeko Monasterio andreak UPko parlamentari bati, Mbayé jaunari, hau aurpegiratu zion: Espainian legez kanpo sartu izana eta kaleko salmentan ilegalean egindako lana. Irakurri eta entzun dugunez, hitz horiek, gehienbat, arrazistatzat jo dira. Ez da gutxi.

Ez ditut hitz hauek zuritu nahi, ezta arrazakeria giro zabalduan lausotu nahi. Ez nator bat hitz horiekin. Era berean, ez nator bat etorkin pobreen egungo egoera eta indarrean dagoen araudia onartzen dituztenen jarrerarekin.

«Arrazakeria instituzionalaz» hitz egitea, gaur egun, ez da xelebrekeria edo muturreko jarrera ideologiko baten adierazpena. «Arrazakeria instituzionala» inolako zalantzarik gabe existitzen da, baita «arrazismo estrukturala» eta «sistemikoa» ere, soziologia eta antropologiako adituek aztertu dutenez.

Giza Eskubideen Europako Auzitegia, 2019ko apirilaren 16ko epaian hitz horiek, lehen aldiz erabili zituen Errumaniako Estatua errumaniar jatorriko pertsonen aurkako jarrera arrazakeria instituzionaltzat jotzen.

Baina ez dira bakarrik hemendik kanpo gertatutakoak. Hori pentsatzea norberaren burua engainatzea litzateke. Hemen ere gertatzen da. Egunero. Bestela, hausnar dezagun Monasterio andrearen hitzez. Zergatik Mbayé jaunak sartu behar izan zuen legez kanpo Espainian eta zergatik egin behar izan zuen lan ilegala? Indarrean dagoen legediaren ondorioz, zalantzarik gabe.

Eta beste gogoeta batzuk ere ezinbestekoak dira: zein da atzerritartasunari buruzko legeria; nola kontrolatzen dituzte mugak Espainiako agintariek eta Europako Mugen Agentziak FRONTEX-; nola tratatzen dira irregularki sartzen diren migratzaileak; zer gertatzen ari da Mediterraneoan, Kanaria uharteetan, Ceutan eta Melillan; zer gertatzen ari da horrela sartzen ari diren adin txikikoekin; zein da Atzerritarren Barneratze Zentroen CIEen- egoera…

Eta egoera hau aldatzeak, noski, diskurtso politikoak, lege-erregulazioa, polizia-sistema eta jarduera, sistema judiziala, laguntza-politika publikoak... birplanteatzea eskatzen du. Izan ere, gure egiturak, batez ere instituzionalak, dira erabaki dutenak erantzun hori ematea geldiezina eta, nire ustez, guztiz legitimoa den immigrazioari.

Urte batzuk dira «arrazakeria instituzionalaz» hitz egiten dela. Orain, esan bezala, Estrasburgoko Auzitegiak onartuta. Baina gaur egun, Luigi Ferrajoli Zuzenbidearen filosofo ospetsuaren hitzetan, «sadismo poliziala» eta «sadismo instituzionala» ere aipatu behar dira. Edo nola kalifikatu milaka pertsona itsasoan hiltzen uztea edo kartzelak baino okerragoak diren zentroetan pilatzea? 

Baina gaur egun, Luigi Ferrajoli Zuzenbidearen filosofo ospetsuaren hitzetan, «sadismo poliziala» eta «sadismo instituzionala» ere aipatu behar dira. Edo nola kalifikatu milaka pertsona itsasoan hiltzen uztea edo kartzelak baino okerragoak diren zentroetan pilatzea? 

Beraz, Monasterio andrearen hitz horiek alderdi politikoen arteko liskarra elikatzeko balio dezakete. Edota, behingoz, arazo larri hau politikoki seriotasunez, zintzotasunez eta koherentziaz heltzeko. Pertsona askoren bizitza eta duintasuna daude jokoan.

Eta ez naiz gaur sartuko gutako bakoitzak apur bat edo aski dakigun arrazakeria sozialean.

Jende asko oso solidarioa da eta ahalegin handia egiten du arlo honetan. Baina lege-esparru egoki eta eskuzabalik gabe, pertsona guztien eskubideak errespetatzen dituen legedirik gabe, ezin izango da egoera latz hori irauli.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!