Buruntzaldeako autobus zerbitzu berria aurkeztu dute Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 29a, 13:32

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2015ean berrantolatu zituen Lurraldebuseko lineak, baina Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil barnebiltzen dituen eskualdea kanpoan geratu zen. Tolosako linean 53 zerbitzu berri emango dituztela esan du Rafaela Romero foru diputatuak. Ostegunean hasiko da zerbitzu berria.

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur aurkeztu du Lurraldebuseko zerbitzu berria; Buruntzaldea eskualdeko joan-etorriak barnebiltzen ditu zerbitzuak. Ostegunean abiaraziko dute eskaintza berria eta autobus hibridoek egingo dituzte bidaiak. "Eskualdearen salbuespenari amaiera eman zaio, 2015ean Lurraldebuseko lineen emakida-sarea berrantolatu zen eta Buruntzaldea ezin izan zen berritu oztopo administratibo eta legalengatik", esan du Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak.

Flota berritua izango du zerbitzuak, "modernoa eta mugikortasun jasangarriaren egungo irizpideen arabera diseinatua". Kontzesio honi esker 30 autobus hibrido estreinatuko dituztela esan du Romerok. "Teknologia hibridoko flota moderno eta berde baten aurrean gaude, Lurraldebusen modernoena, Buruntzaldea da emisio kutsagarri gutxiko autobus kopuru handiena duena", gehitu du.

Kontzesioa martxan jartzeko 10.000.000 euroko inbertsioa egin du Foru Aldundiak, eta 2040erako Lurraldebuseko flota guztia hibridoa izatea nahi dutenez, urrats erabakigarria dela esan du diputatuak.

Autobus zerbitzuak eguneko 14 bidaia eta gaueko 4 aurreikusten ditu, eta zerbitzu bereziak emango ditu kulturari edo kirolari lotutako ekitaldiak daudenean. "Ematen ari diren zerbitzuak hobetuko dira, asteburuetan Tolosako linean 53 zerbitzu berri indartuz; Urumearen ardatzean (Hernani, Astigarraga, Urnieta eta Andoain) gaueko linea berri bat martxan jarriz, 26 zerbitzu berrirekin, eta N-1 errepideko gaueko linea indartuz, 14 zerbitzu berrirekin, baita asteburuetan ere".

Aurkezpenean izan da ere Patxi Amantegi Tolosako Ingurumen zinegotzia eta esan du "mugikortasun jasangarriagoa sustatzeko, garraio publikoaren erabilera bultzatzea ezinbestekoa" dela, eta zentzu horretan "zerbitzu eta loturetan hobekuntzak txertatzea" beharrezkoa dela. "Erakundeetatik elektromugikortasunaren aldeko apustua egin behar dugu, emisioak gutxitu eta garraiobide jasangarriagoak eskaintzeko herritarrei. Tolosan, esaterako, Hiribus zerbitzua autobus elektriko bidez eskaintzeko lanean ari gara eta laster izango dugu autobus berria herrian".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!