Tolosako EH Bilduk zalantzan jarri du udal gobernuaren kudeaketa ekonomikoa

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 29a, 15:59

Kudeaketa eraginkorragoa izateko, "gardentasuna eta autokritika" eskatu dizkio oposizioak: "Tolosarron beharrak handitu diren urtean, gutxiago gastatu eta udalaren altxortegia bete du".

EAJ-k eta PSE-EE-k osatutako udal gobernuak azken urte eta erdian izandako jokabidea ezbaian jarri eta egindako kudeaketa "ez-eraginkortzat" jo du Tolosako EH Bilduk. "Udalaren ateak herritarrei ireki baino, hauek udalaren parte izan daitezen bultzatzen dugu, parte hartze bide zabalagoak sustatuz. Gardentasunak izan behar du iparrorratza, herritarrek informazio guztia izan eta ahaldundu daitezen, erabakitze ahalmena bultzatuz".

Andu Martinez de Rituerto bozeramaileak adierazi du Tolosako udal gobernuak duen gobernatzeko modua asko aldentzen dela EH Bilduren eredutik. "Behin eta berriz iragartzen dute egin behar dutena, inbertsio zahar eta proiektu berrien informazioa ematen, baino propaganda eginez. Ezinbestekoa da ere esan denaren eta benetan egin denaren alderaketa egitea eta tolosarrak gardentasunez informatzea".

Halaber, udal gobernuak "egin ez duen lana", EH Bilduko zinegotziek "egin dutela" esan du bozeramaileak; hala, orain gutxi osatu den 2020ko likidazioaren azalpenak eman ditu Kristina Pelaez zinegotziak: "Urte hasieran 27 milioi euroko gastua aurreikusi bazen ere, urte bukaerarako 35 milioietara igo zen kreditu aldaketen bidez, inbertsioa handituko zelakoan herritarron onurarako. Baina egiari zor, 23 milioi besterik ez dira erabili, hau da, behin betiko aurrekontuaren %65a hain zuzen".

Suspertu Tolosa plana ere aztergai izan du oposizioak. "Irakurketak gehiago joan behar du gazitik gozotik baino. Egia da hainbat neurri bultzatu zituztela, ezin esan udal gobernua besoak gurutzaturik geratu zela. Baina plan horretara bideratutako 1,3 milioi euroetatik, erdia baino gutxiago erabili da. Mikroenpresa eta autonomoentzako osatu zen diru laguntzarako, esaterako, 725.000 euroko partidatik, 113.730,44 € soilik erabili dira, %16a besterik ez alegia".

Udal gobernuak aipatutako inbertsio publikoa mantentzearen aldeko apustuaz ere mintzatu da Pelaez. "Jarduera ekonomikoa sustatzeko, 2020ko proiektuak mantenduko zituztela esan zuten, baina errealitatea oso bestelakoa izan da. Behin betiko aurrekontuan 6 milioi euroko inbertsioa egingo zela aurreikusi bazuen ere, 1,2 milioi euro bakarrik erabili dira, hau da, aurreikusitakoaren %20a baino gutxiago gastatu da".

EH Bildutik argi utzi nahi izan dute herritar guztiek pairatu dituztela pandemiaren ondorioak. "Aurreko ekitaldian tolosarron beharrak areagotu egin ziren. Udal gobernuak, aldiz, azken urteetako exekuzio mailarik baxuenera eraman zuen inbertsioa. Gehien behar izan dugun unean, gutxiago gastatu eta udalaren altxortegia bete du".

Ondorioz, gardentasuna eskatzen dio oposizioak udal gobernuari. "Ezohiko egoera baten kudeaketa egin behar izateak, ezin du aitzakia izan tolosarron premiazko beharrak asetzeko esfortzu handiagoa ez egiteko, eta batez ere, benetako datuak argitasun osoz ez emateko. Proiektuak aurkezteko informazioaren eta propagandaren arteko mugekin jolasteko erabiltzen duten indar bera, erabili dezatela herritarroi guztiaren berri emateko. Hori delako kudeaketa eraginkorra egiteko bide bakarra".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!