Abian da berriro Mugi Tolosa ekimena

Ataria 2021eko ekainaren 29a

Urtebeteren ondoren, bihar hasiko da berriro ere martxan, eta uztailaren 28ra arte asteazkenero egingo dituzte irteerak.

Pasa den urteko martxoan geratu zen bertan behera Mugi Tolosa pandemiaren eraginez, eta bihar jarriko da berriro ere abian. "Azken urtean bizi dugunak isolamendu eta nahi gabeko bakardade egoerak areagotu dituenez eta gizarte-kohesioan eta pertsonon osasun mentalean eragina izaten ari denez, udalak  ekimena berrabiaraztea erabaki du", adierazi dute.

Mugi Tolosa berriz martxan jartzearen helburu nagusiak dira bakarrik dagoenari etxetik irteteko animatzea, egunero ibiltzeko ohiturari heltzea, elkarren arteko harremanak sendotzea, normalitatea berreskuratzen hastea eta herritarren aniztasun fisiko eta funtzionala kontuan izanik ibilbideak diseinatzea.

Bost irteera antolatu dituzte udan, bihar, ekainaren 30ean, hasita uztailaren 28ra bitarte. Asteazkenero egingo dituzte irteerak, 10:30ean Zerkausitik abiatuta, eta Zerkausian bertan amaituko dira. Sortutako talde guztiek hasiera eta helmuga bera izango dute, baina ibilbidea desberdina izango da kasu bakoitzean, eta taldean erabakiko dute zein bide hartu dagokion lekura iristeko.

Segurtasun neurri guztiak bermatuko dira uneoro. 8-10 pertsonako talde finkoetan antolatuko dira parte hartzaileak eta talde bakoitzean erreferentziazko pertsona bat egongo da petoa jantzita. Parte hartzaile bakoitzari Mugi Tolosako musuko bat banatuko zaio eta jantzita eraman beharko du ibilbide osoan zehar. Ingurunea arnasteko 10 minutuz kendu ahal izango da musukoa helmugara iristean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!