Tolosa Herria lehiaketak baditu irabazleak

Josu Artutxa Dorronsoro 2021eko ekainaren 29a

'Maiteko ote dit gaur' argazkia, gazteen mailako irabazlea. AMAIUR UGALDE

Targazki elkarteak antolatutako argazki lehiaketaren aurtengo edizioko argazki onenak aukeratu dituzte, aurkeztutako 628 irudiren artean.

Jada jakinarazi dituzte Targazki Tolosaldeko Argazkilari Taldeak antolatutako Tolosa Herria argazki lehiaketaren 2021eko edizioko irabazleen izenak. Juan Mari Ibarzabal Alberdik, Ainara Garcia Aranburuk eta Iñaki Etxenagusia Unanuek osatutako epaimahaiak, 208 egilek aurkeztutako 628 argazkien artean egin behar izan du azken aukeraketa.

Bi maila izan dira aurtengo lehiaketan. Batetik, hiru argazkiz osatutako bilduma aurkezteko aukera zuten parte hartzaileek. Kategoria honetan, Arturo Lopezek jaso du lehen saria, Al limite bildumagatik; Pedro Luis Ajuriagerrarentzat izan da bigarrena, Insects bildumagatik; eta Hoang Long Ly izan da hirugarren, Dani Warriors bildumagatik.

Kategoria berean, baina, bertako argazkilarien sailean, Jose Maria Arrigain izan da onena, Miradas femeninas bildumagatik; Javier Zabala sailkatu da bigarren, Edificios bildumagatik; eta Javier Ortiz izan da hirugarren, Marionetas bildumagatik.

Gazteen mailan (8-16 urte) ere izan dira sarituak; gai libre bat zuen bakoitzak, argazkiak aurkezteko. Amaiur Ugalde izan da onena, Maiteko ote dit gaur irudiagatik; Izaro Lopetegi izan da bigarren, Gaztelua argazkiagatik; hirugarren, berriz, Haitz Gurrutxaga sailkatu da, Udako ekaitza izendatutako irudiagatik.

Lehiaketa honetan, halaber, Argizaiola sarirako hainbat irudi sailkatzen dira. Aurtengo edizioan, Pedro Luis Ajuriagerraren Insects, Agustin Busseloren Miss Daisy eta Marian Segoviaren Circulo cerrado bildumak izan dira epaimahaiak aukeratutakoak.

Sari banaketa uztailaren 11n izango da, 11:00etan, Tolosako Berdura plazan eta erakusketa, berriz, uztailaren bukaerara arte egongo da ikusgai, artxiboaren kanpoaldean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!