Bertako esklabu malenkoniatsuak

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko eka. 24a, 19:58

Pasa den urteko jaialdiko une bat

Uztailaren 1etik 4ra bitarte egingo da TolosandBlues jaialdiaren 17. edizioa; Euskal Herriko taldeekin osatu dute aurtengo egitaraua.

Patroi errepikakorra, harmonia sinpleak eta hamabi konpasetako erritmoa duen musika estiloa da bluesa. Bere jatorria aurkitzeko, 1619 urte aldera jo behar da, Afrikatik milaka esklaboz betetako itsasontziak lehorreratzen ziren Jamestowneko (Virginia) hondartzetara.

Bere ohiturak eta folklorea atxiki zituzten esklaboek. Erritmo erregularra zuen musika oinarri hartuta, euren sentimenduak eta bizipenak islatzen zituzten, jaioterritik urrun egoteak eta askatasun gabe bizitzeak sortzen zieten tristura adieraziz. Blues hitzak, hain zuzen, malenkonia esan nahi du. Lan egiten zuten bitartean, bertso edo ahapaldiak bat-batean botatzen zituzten (work songs), inprobisatzeko gaitasun handia erakutsiz.

Kontuak kontu, aurten ere, blues doinuez beteko dira Tolosako kale eta plazak, TolosandBlues jaialdiaren 17. edizioa ospatuko da, swing, rockabilly, blues, soul edota jazz estiloak jorratzen dituzten kalitate handiko musikari eta taldeen kontzertuekin. Zazpi saio izango dira, Euskal Herria, Gipuzkoa eta Lopez Mendizabal plazetan, Zerkausian eta Plaza Berrian. «Iaz bezala, bertako taldeak izango ditugu gurekin», esan du Izarne Iglesias kultura zinegotziak.

Iñigo Martin jaialdiaren antolatzaileak, bestalde, iaz izandako esperientzia ekarri du gogora: «Ez zitzaigun unerik egokiena egokitu jaialdia antolatzeko, baina azkenean, aurrera egitea lortu genuen». Aurten, egoera zertxobait hobea bada ere, «zuhurtziaz» jokatzeko deia luzatu dute antolatzaileek. Edukiera mugatuta izango da kontzertuetan, eta beharrezkoa da saio bakoitzerako gonbidapena aurrez eskuratzea. Bibe plataformaren bidez eskuratu daitezke eta pertsona bakoitzak gehienez lau gonbidapen eskuratu ditzake emanaldi bakoitzerako.

 

JAIALDIAREN EGITARAUA

  • Uztailak 1, osteguna

    20:00. Botxo Boogies, Euskal Herria plazan.

  • Uztailak 2, ostirala

    20:00. Voodoo Charms, Gipuzkoa plazan (Leidorren atzealdean).

  • Uztailak 3, larunbata

    13:00. JAC, Lopez Mendizabal plazan.

    19:00. Arima Soul, Zerkausian.

    22:30. Noa & The Hell Drinkers, Plaza Berrian.

  • Uztailak 4, igandea

    13:00. De 2 en Blues Band, Lopez Mendizabal plazan.

    20:00. Travellin' Brothers, Plaza Berrian.

 

PARTE HARTUKO DUTEN MUSIKA TALDEAK:

 

2008ko Euskal Herriko blues banda onena: Botxo Boogies (Swing-Boogie)

Edu Basterra, Jou Gonzalez, Iñaki Jaio eta Carlos Velasco

Esperientzia handiko lau musikari bilbotarrek osatutako taldea da. 15 urte daramatzate elkarrekin jotzen. Bilboko Palladium klubean ostegunero jotzeko sortu zen banda, eta kluba itxi ondoren ere, bizirik iraun zuen taldeak. Besteak beste, Hondarribiko Blues jaialdian jo izan dute, eta 2008ko edizioan, Euskal Herriko blues banda onenaren saria jaso zuen.

 

Rockabillyaz gozatzeko lehen aukera: Voodoo Charms (R&B, rockabilly, blues)

Karmen Savage, Jorge Carrere, Alex Haro, Rafa Ardanuy eta Carlos Malles

Donostiako eta Hondarribiako musikariz osatutako boskotea da. Oso formakuntza ezberdinekoak dira, eta ondorioz, blues, rock, jazz eta rockabilly estiloak uztartzen dituzte; tartean, Voodoo & Roll estilo propioa sortzea lortu dute. Zerbait berria izango da, TolosandBlues jaialdiaren historian lehen aldiz entzungo baitira rockabilly doinuak. Ikuskizun ezin hobeari esker, zuzeneko emanaldia benetako festa bihurtzen du taldeak, eta rhythm and blues primitiboenen urrezko garaira garraiatzen du publikoa, swing eta rock & roll zertzelada berritzaileagoak baztertu gabe.

 

Bakarrik, bere lehen lana aurkeztera: JAC (Jatorrizko bluesa, rural)

Jaime Alvarellos Correcher

Abeslari, gitarra jotzaile eta musika irakasle iruñearra da Alvarellos, jazz estiloan espezializatua. Musika beltza jotzen du, batez ere blues, ragtime eta soul estiloak. Urte askotan zehar, asko miresten dituen musikariekin jotzeko plazerra izan du, baita jaialdi entzutetsuetan ere. Duela 80 eta 90 urtetako Deltako (Mississippi) doinuak biltzen dituen Raw, bere lehen diskoa, aurkeztuko du.

 

Bi urteren ondoren, berriro gurean: Noa & The Hell Drinkers (Blues, blues-rock)

Sergio Villar, Manu Gestido, Ainhoa Eguiguren eta Gustavo Gonzalez

Iazko urtarrilean kaleratu zuen bigarren lana (Craft Blues) bluesaren panoraman sendotutako laukoteak. Bere erara jotako artisauzko blues konposizioak bildu dituzte, eta euren estiloen artean, calypso blues, hegoaldeko blues-rock, edo jazz eta funky zertzeladak daude. 2019ko edizioan izan ondoren, bueltan dira, luxuzko gonbidatu batekin.

 

Euskal Herriko blues talderik zaharrena: De 2 en Blues Band (Soul, blues)

Miguel Angel Gonzalez, Patxi Ruiz, Mariano Berastegui, Alberto Navascues, Sergio Perez eta Alfredo Olaberri.

Iruñean sortu zen taldea, 1990ean. Chicago Blues estiloaren itzalpean, ehunka kontzertu eskaini dituzte, klasiko bikainak eta sorkuntza propioak uztartuz. 25 urte baino gehiago daramatzate musika afro-amerikarraren bitartez ikusleak gozaraziz. Profesionalak izan gabe ere, kalitate oso handia dute.

 

Eskarmentua eta kalitatea, soberan: Travellin' Brothers (Musika beltza)

Jon Careaga, Eneko eta Aitor Cañibano, Mikel Azpiroz, Isi Redondo eta Alain Sancho

Talde familiarra, bidaiaria eta aldakorra. Horrek aukera eman dio espainiar estatuko jaialdi, klub eta areto handi guztietan jotzeko, eta Europan zehar birak egin nahiz AEBetan jotzeko. Eskarmentu handiko artistak dira, eta batez beste 35 urte besterik ez dituzten arren, 600 saiotik gora eskaini dituzte eta seigarren diskoa kaleratu zuten 2014an.

 

Gorantz doan laukote gipuzkoarra: Arima Soul (Soul, neo-soul)

Lidia Insausti, Paul San Martin, Mikel Unzurrunzaga Makala eta Hilario Rodeiro

Jaialdiko beste berrikuntzetako bat da. Lidia Insaustik (ahotsa) eta Mikel Makalak (baxua) sortutako soul musikako proiektua da. 70eko hamarkadako rhythm & blues, soul, funk, groove eta jazz estiloetako taldeen eragin argia duen laukotea da, baina baita estilo horietako korronte garaikideenari (neo-soul) begiratzen diona. Euskarazko abesti propioak jotzeaz gain, zenbait bertsio ere interpretatzen dituzte. Pasa den urteko udan, bost kantu propioz osaturiko EP bat grabatu zuten, eta Madrilgo Enlace Funk 2020 sarietan, Talde Berri Onena saileko hautagai izan zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!