Pasa den ekainaren 18an aurkeztu zuten Topic-en, Antxon Elosegui: desgranando una vida izeneko liburua. Joxemari Iturraldek idatzi du; orain arte, era guztietako eleberriak idatzi ditu eta laster helduko da ehuneko langara.
Askotan idatzi al dituzu pertsonaia baten inguruko liburuak?
Ez zait askotan egokitu, ez; hiruzpalau edo izango dira honekin. Gainera, oso gutxitan egin dut zuzenean gaztelaniaz. Kasu honetan, naturalki egindako zerbait izan da, Elosegi bera erosoago sentitu delako gaztelaniaz hizketan. Eleberri berezia ere bada, ni bezala, tolosarra delako.
Lehendik ezagutzen zenuten elkar?
Noski. Harreman estua izan dugu betidanik. Gainera, hala izan ez balitz, liburu hau osatzea ez litzake posible izango. Kontatu dizkidan gauzak, gainera, ez dira edonori kontatzeko modukoak. Aspalditik ezagutzen dut, bai bera, baita bere familia ere.
Aipatzen dituzun kontu horiek, solasaldietatik ateratakoak dira, ezta?
Bai. Orain arte kontatu gabekoak dira asko. Aurkezpen ekitaldian bertan azaldu nuen pertsona bakoitza mundu bat dela eta askotariko aldeak dituela, askorentzat ezezagunak direnak. Gizakiok, gainera, ez ditugu gauza guztiak kontatzen, eta aurrean dugun pertsonaren arabera, hau edo hura kontatzen dugu. Ondorioz, nolabaiteko aitorpen bat izan da Antxon Elosegiri buruzko liburua, bizitza oso bat hustu eta konfiantzazko norbaiti kontatu diona. Orain arte ezezagunak ziren bere pasadizo asko aurkitu daitezke liburuan.
Bizitza bat hustu duzula diozu. Zuku guztia atera al diozu Antxoni?
Auskalo! Uste dut gehiena kontatu didala, mamitsuena behintzat bai. Irakurleek denetik aurkituko dute, gauza arinak, bitxiak, alaiak, gogorrak, latzak... Denetik igarotzea, egitea eta sufritzea egokitu baitzaio. Laster beteko ditu 90 urte, eta beraz, ia mende oso bateko bizitzaren lekukotza da eleberria. Tolosaren inguruan interesa duen oro gonbidatuko nuke liburua irakurtzera, herriaren historia eta testuinguru ezberdinak ezagutzeko balio duelako.
Azala ikusita, badirudi biografia bat dela...
Bai, baina ez da hala. Solasaldietatik ateratako testuekin osatutako liburua da. Gaiak etorri ahala, banan bana joaten ginen zukua ateratzen.
Eta nondik sortu zitzaizun halako lan bat egiteko ideia?
Nik askotan idatzi izan dut Tolosarekin lotura izan duten gaiez edo pertsonaia historikoez, batez ere, aldizkarietan: Samaniego, Orixe, Lizardi, Emeterio Arrese, Pablo Gorosabel... Gainera, oso gertukoa nuen Juan Garmendia Larrañaga etnografoari buruz ere, solasaldietan oinarritutako liburu bat idatzi zion Joxe Mari Velez idazle arrasatearrak. Hortaz, eta oraindik bizirik zegoela jakinda, Antxon Elosegirekin gauza bera egitea pentsatu nuen.
Horren gertu, eta aldi berean hain urrun, gelditzen zaizkigun istorioak ezagutzeko aukerak aprobetxatu behar dira, ahaztuta eta baztertuta geratu ez daitezen. Nire nobeletan, Tolosaren historiari buruz idatzi izan dut, fikzioan, baina Antxon Elosegiren kasuan, Tolosaren historia ederki laburtu eta bere gorabeherak bikain azaltzen dituen pertsona bat da. Hortaz, aukera ezin hobea izan da gisa honetako eleberri bat idazteko.
Noiz hasi zineten solasaldiekin?
Lehen esan bezala, aspalditik ezagutzen nuen Antxon. Berak lehendik kontatutako anekdota asko buruan gordeta nituen. Libururako, ordea, azken hiru urteak lan handikoak izan dira. Anekdota horiekin gidoi kronologiko bat landu nuen, eta atalez atal joan ginen. Bere bulegoan elkartzen ginen eta solasaldiak grabatzen nituen, gero entzun ahala idazteko. Ondoren, berari bidaltzen nizkion, zerbait zuzendu, aldatu edo gehitu nahi bazuen irakurtzeko.
Nolako solasaldiak izaten ziren?
Bulegoan hasi, eta tabernan zerbait hartzen bukatzen zirenak. Hori izaten da mota honetako solasaldiak amaitzeko modurik onena.
Ezagutzen ez dutenentzat, nolakoa da Antxon Elosegi?
Saltseroa, mugitua, ekintzailea, inauterizalea... Tolosar guztiok dakigu hori eta askoz gehiago dela. Pertsona irekia da, zabala, beti esku bat botatzeko edo proiektu berriak sortzeko prest dagoena. Bere bizitzan, hori izan da helburu nagusiena: gauzak antolatzea eta egitea. Energia guztiak horretara bideratu ditu beti, ideologiak eta ezberdintasunak alde batera utzita. Tolosan bertan, ekimen soziokultural askoren aitzindaria izan da.
Herria aberastu duela esan daiteke, beraz?
Zalantzarik gabe. Liburuan argi azaltzen da, Tolosan gaur egun martxan dauden hainbat proiektu, herritar askori arruntak iruditzen zaizkigunak, berak burutu, landu eta bultzatutakoak dira. Inauteria ez zuen berak sortu, baina bultzatzaile nabarmenetako bat izan da. Arte munduan ere, sekulako ekarpena egin du. Izan ere, inon ez dugu Tolosan dugun eskultura zirkuitua aurkituko. Puntako artisten lanak ditugu kalean, tartean, Antxoni esker.
Lehen aipatu dituzun pertsonai batzuek badute kale edo plaza bat Tolosan. Antxonek ere merezi al du halakorik?
Nire ustez, kontu handiz ibili behar izaten da gauza horiekin, besteak beste, oraindik bizirik dagoelako. Hortaz, gehiegi irudituko litzaidake bizirik dagoen norbaiti halako zerbait egitea. Behin hil ondoren, aztertu beharko litzateke merezi ote duen ala ez. Duela gutxi, Jon Andoni Iraola idazle izandakoari eskaini zioten kale bat, eta uste dut badela garaia Juan Garmendia Larrañagarekin gauza bera egiteko.
Liburuaren salmentarekin lortutako dirua, gainera, Zutani elkartearentzat izango da.
Berea izan zen ideia, eta noski, hasieratik agertu nintzen ados. Behar handiena dutenei laguntzeko elkartasuna adierazi du beti, besteak beste, Txilen, maputxeekin, eta Tolosan ere behar handia duen herritar ugari dago.
MEREZITAKO EKITALDIA
Pasa den ostiralean aurkeztu zuten liburua, Tolosako Topic museoko aretoan; larunbatean, berriz, informazio gunea jarriko du Zutanik, Babel liburu dendaren aurrean, 11:00etatik aurrera. Bertan, liburua eskuratu ahal izango dute herritarrek, eta bai Elosegi, baita Iturralde ere, bertan izango dira.