Beotibar pilotalekuko eta epaitegiko eraikinen arteko pasabideak itxi dituzte

Ataria 2021eko ekainaren 22a

Gernikako Arbola ingurua berrurbanizatzeko lanak amaitu arte itxiko dira anbulatorioa eta Alondegia plaza lotzen dituzten pasabideak; bitartean, epaitegi atzetik edo San Frantzisko kaletik joan ahal izango dute oinezkoek.

Apirilean hasi ziren Gernikako Arbola ingurua berrurbanizatzeko lanak, oinezkoei lehentasuna eman eta eremua tolosarrentzat atseginagoa, irisgarriagoa eta seguruagoa egiteko helburuarekin. Lau fasetan ari dira lanak garatzen, eta guztira 5 hilabeteko iraupena izatea aurreikusten da.

Lanen eraginez, gaurtik aurrera, itxita daude Beotibar frontoia eta epaitegiaren arteko pasabideak, anbulatorioa eta Alondegia plaza lotzen dituztenak. Obra amaitu arte egongo dira itxita; dena den, oinezkoak epaitegi atzetik edo San Frantzisko kaletik igaro ahal izango dira.

Obrak amaitzean, tolosarrek "paseatzeko espazio gehiago eta irisgarriagoa" izango dutela adierazi dute udaletik, "espaloiak zabaltzearekin batera, arrapalak birkokatu eta espaloi eta bidea maila berean jarriko direlako".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!