Tolosako PSE-EEk "oso positibotzat" jo du legealdiko lehen zatiaren jarduna

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 22a, 13:20

Joxemari Villanueva zinegotzi sozialistak Herriko Etxean egin du bi urteotako balantzea, Oscar Renedo Tolosako PSE-EEko idazkari nagusia eta Jose Inazio Asensio diputatua ondoan dituela.

Tolosan 2019an abiatutako legealdia EAJ eta PSE-EEren arteko gobernu hitzarmenarekin abiatu zen. Bi alderdiok gobernuan egin duten bidearen inguruko balorazio politikoa egin du Joxemari Villanueva zinegotziak eta akordioari alderdi sozialistak egin dion ekarpena azpimarratu du: "Bizitzea tokatu zaigun egoera latz honetan, ez zen posible izango gobernagarritasuna alderdi sozialistak egindako ekarpenik gabe".

Hain zuzen COVID-19ak eragindako krisia aipatu du Villanuevak eta lehentasunak ezartzera behartuta egon arren, 2019-2023 gobernu planean ezarritako helburuak ez direla bazterrera geratu esan du. Plano pertsonalago batean zinegotzi sozialistak aitortu du bi urte hauek "zailak" izan direla eta COVID-19ak hankaz gora jarri duela jarduera guztia. Dena den, esperientziak merezi izan duela azpimarratu du: "Inork ez zekien nola aurre egin egoera honi, eta berriro diot, administrazio guztiok joan behar izan dugula inprobisatzen eta ikasten, eta ordu asko eman ditugula egoera horri nola erantzun hausnartzen".

Tolosako familia askok "gaizki" pasatu dutela aipatu dute Tolosako sozialistek, baita bertako merkataritza eta ostalaritzak ere, eta horregatik krisiak eragindako ondorio larriak arintzeko hartutako neurriak zerrendatu dituzte: "Gizarte gastua igo egin dugu eta aurtengo aurrekontuan ia 3 milioi euro izendatu dira, errealitate gogor honi aurre egiteko, iaz baino %9 gehiago". Udal tasetan ezarritako hobariak, kontsumo bonuak eta diru laguntza zuzenak ere aipatu ditu Villanuevak.

Udal gobernuko kide gisa, Tolosako PSE-EEk hainbat proiektu babestu ditu eta San Estebango eremuko proiektua, Gorriti plaza, Zumardi Txikia edota Amarozko paper fabrikaren lurzoruan aurreikusitako hirigintza garapena aipatu ditu Villanuevak, tolosarren eguneroko bizitza hobetuko duten inbertsio gisa. "Gazteek ikusi behar dute Tolosa bizitzeko eta etorkizun-proiektua garatzeko herria dela", esan du zinegotziak eta Euskal Herri plazan esleituko diren etxebizitzak jarri ditu adibidetzat. Horrekin batera, 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako laguntzak eta Bizigune programaren bidez garatutakoak aipatu ditu.

Kudeaketaren mugarriak

Kirol arloko zinegotzi delegatua da Joxemari Villanueva eta agerraldian aitortu du udalak eskaintzen dituen kirol zerbitzuetara bideratu dituela ahalegin nagusiak, "kalitatezko zerbitzu bat emateko eta erabiltzaileak eta tokiko kirol erakundeek eskaintzen dituzten premiekin bat egiteko". Gauzatzeko bidean diren proiektu hauek azpimarratu ditu: Usabalgo belar artifizialeko zelaiak; Usabalen jokatzen diren partidak streaming bidez eskaintzeko Interneterako konexioa; Usabalen III. fasea; kirol ekipamenduak ustiatzeko lizitazio berria; Iurreamendiko BTT zirkuitua; Amarozko pilotalekua estaltzeko proiektua; eta klub eta kirol erakundeetako diru laguntzak.

Sozialisten kezketako bat da ingurumena. Energia trantsizioa eta mugikortasun jasangarria lortzea helburu duten ekimenak martxan jarriko dituztela aipatu du Villanuevak. "Hiribus elektrikoa datozen egunotan errealitate bat izango da eta eraikin publikoetan eguzki plakak jartzen hasi dira Ferialekuan. Mugikortasun planaren barruan Arramele eta San Frantzisko biribilguneek oinezkoen, txirrindularien eta automobilisten bizi kalitatea hobetuko dute".

Villanuevak esan du Tolosaldeko eskualdeko osasun zerbitzua Gipuzkoako gainerako eskualdeetako baldintza eta baliabide berberetan berma dadin, bi urteotan Eusko Jaurlaritzari beharrezko neurriak har ditzala eskatu diotela sozialistek. "Eskualdeko herritar guztiei osasun zerbitzu publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa eman ahal izateko lehen urratsak ematen ari dira: Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du aurten bertan eskualdeko ospitalearen proiektua idazten hasteko".

Amaitzeko, Tolosako Udaleko zinegotzi izatea esperientzia "oso aberasgarria" dela esan du Villanuevak eta hurrengo bi urteei aurre egiteko, "indar eta ilusio" berdinekin dagoela aipatu du. "Iruditzen zait zorte handia dela norberaren bizitzaren urte batzuk gizarte osoaren aldeko lanean ematea. Gonbidatzen ditut gainerako tolosarrak hemendik pasa daitezen. Zerbitzari publikoa izatearen esperientziak merezi du. Horregatik, zuen kezka eta ekarpen guztiak beti jasoko ditut modu positiboan, eta ahal den neurrian, haiei erantzuna ematen saiatuko naiz".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!