Badakit herritarrei esker lortu dela arituko zaretela pentsatzen hau irakurtzean, eta, bai, arrazoi zati bat baduzue, baina urte luzeetan zuek antolatutako bilera, larunbat asko eta askotako informazio-banatze eta manifa eta sinadura bilketarik gabe, zuen etsi gabeko kemenik gabe, oinezkook ez genukeen arazoaren berri izango, ez genukeen kontzentrazioetan, manifetan, sinadura bilketetan parte hartuko. Guk xeoxe egin dugu, baina motor nekaezina TOPAkook izan zarete. Nori berea da gizalegea, eta, halaxe uste dudalako, nire txalorik beroena zuentzat.
Duela bi urteko udal hauteskundeetan korrika eta presaka sartu zuen EAJk programan ospitale publikoa egitearen aldeko egitasmoa. Dozena bat urte kontra egon ondoren, hauteskundeetan botoak galtzeko beldurragatik soil-soilik egin zuen ospitale publikoaren alde. TOPAren lanak beldurtuta eman zuen ziaboga EAJk, ez ospitale publikoaren alde zegoelako, botoak galtzeko beldurragatik baizik. Fernandoren egia, ezta?
Eta orain? Nire harridurarako, zuei, TOPAkooi, batere kasurik egin gabe, argazkiak jeltzaleek bereganatuz, hortxe dabiltza zuek lortutako ospitale publikoa suhiltzaileen pareko horretan egingo dela esaka, beren arteko argazkiak soilik ateratzen, beraiek balira bezala ospitalearen aldeko bakarrak, izan ez direnean, gainera.
Nire harridurarako, zuei, TOPAkooi, batere kasurik egin gabe, argazkiak jeltzaleek bereganatuz, hortxe dabiltza zuek lortutako ospitale publikoa suhiltzaileen pareko horretan egingo dela esaka, beren arteko argazkiak soilik ateratzen, beraiek balira bezala ospitalearen aldeko bakarrak, izan ez direnean, gainera.
Futbola adibide hartuta, esan daiteke jokaldi osoa TOPAk egin duela herritarren babesaz, jokaldi zaila, korapilatsua, ondo adostua, hobeto entrenatua, ederto egikaritua eta, gola sartu behar denean, argazkiak nortzuk aterako eta proiektuaren aurka egon direnak urte luzeetan. Beste inor ez gainera. Benetan lanean aritu den inor ez da azaltzen agerpen alderdikoi horietan. Ez da posible. Jokaldia egin dutenek, lana erruz eginda, izen-abizenak dituzte eta denok ezagutzen ditugu. Zer errespetu falta da horiek ez agertzea beren proiektua aurrera eramango den lekuan Tolosaldeko alkate eta ordezkari politiko guztiekin? EAJren proiektua dela saldu nahi al du norbaitek, justu kontra egon den alderdia izanik?
Ez dezagun lotsa guztia galdu, mesedez, eta lan ugari egin dutenei errespetua erakutsi, bestela Azpeitian Corrugadosekin egindako zitalkeria, arrunkeria, maltzurkeria emango du honek ere edota Erkorekak parlamentari guztiei bi aldiz gezurra esan zieneko egoera patetikoa. Tolosaldean ez erori lokatz zikin horretara, politikan ez du zikinkeria likits guztiak balio, galako jantzita dabiltzan jaun-andre agurgarriek eginak badira ere. Likiskeria likiskeria da soineko elegante edota gorbatadun kontseilariak eginda bada ere.
Nik beste jarrera bat espero dut hemendik aurrera, nori berea erakustea, saiatu direnei errespetua adierazteaz gain, lekua ere ematea erabaki guneetan, prentsaurrekoetan… Egindako guztiak errekonozimendu hori izatea merezi du, gizalegea da, besterik ez. Oso itsusia baita jokaldi guztia batzuk egitea eta gola sartzera urte luzez proiektuaren aurka egon direnak bakar-bakarrik joatea, lana egin eta merezimendua aitortu behar zaienak nahita ahaztuta. Ez baztertu, mesedez, 15 urtez lanean aritutako TOPA eredugarria.