Helmugan lehena Chretien kanadarra izan da

Eneritz Maiz Etxarri 2021eko ekainaren 19a

XLIII. Jose Mari Anzaren Oroimenezko txirrindulari proba jokatu da gaur Tolosan, eta helmugako marra bakarrik zeharkatu du lehen postuan Charles Etienne Chretien Laboral Kutxa taldeko txirrindulariak. Oriako Txirrindulari Eskolak antolatutako proban tropela erabat apurtuta iritsi da.

XLIII. Jose Maria Anzaren Oroimenezko txirrindularitza proba jokatu da Tolosan, Oriako Txirrindulari Eskolak antolatuta, eta Charles Etienne Chretien kanadarra izan da azkarrena. Quebeceko txirrindulariak hiru ordu hiru minutu eta zazpi segundo behar izan ditu 128 kilometroak egiteko. Atzetik, bere taldekide den Laboral Kutxako Asier Etxeberria sailkatu da minutu eta sei segundora helmugaratuz. Hirugarren postua, berriz, Grupo Eulen taldeko Santiago Mesarentzat izan da, eta hau lehenarengandik minutu eta hamazazpi segundora iritsi da.

Hirugarrenak baino segundo bat gehiago behar izan du laugarren sailkatua izan den Iñaki Guarestik. Ostean, minutu bat eta 22 segundoko denborarekin bost txirrindulari helmugaratu dira: Iñigo Eizagirre, Jon Polledo, Asier Urionabarrenetxea, Ander Amonarriz eta Gaizka Gurrutxaga. Hamargarren postua John Jairo Alonsorentzat izan da, eta bi minutu eta 21 segundo behar izan ditu lasterketa amaitzeko. 

Tropela erabat sakabanatuta iritsi da Tolosako helmugara. Tolosatik atera, eta Larraiztik hiru itzuli egin behar izan dituzte, eta azken itzulian Altzo igo behar izan dute Tolosan helmugaratzeko. 

Taldekako saria Laboral Kutxa taldeak eskuratu du, eta mendiko saria John Jairo Alonso Caja Rural taldeko txirrindulariarentzat izan da. Aldiz, Abiatzen Elite saria hirugarren postuan sailkatu den Grupo Eulen taldeko Santiago Mesarentzat izan da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!