Aurrekontu parte-hartzaileen prozesua abiatu du Tolosako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 18a, 18:30

Ekainaren 22an, asteartea, datorren urteko aurrekontuak lantzen hasteko lehen saioa egingo da herritarrekin; online izango da, 18:00etatik 19:30era, eta parte hartzeko aurrez eman behar da izena.

Egiteko modu berrietan sakonduz jarraitzen du Tolosako Udalak, eta legealdi hasieran iragarri modura, aurrekontu parte hartzaileen prozesua urte osora zabaldu da. Joseba Ormazabal, Gobernantza eta Komunitatea saileko zinegotzi arduradunak adierazi duenez, Tolosatzen prozesuaren baitan, azken urteotan "urrats garrantzitsuak egin eta egitasmo berriak abiarazi dira Gobernantza eredu berrietan sakontzeko". "Aurrekontu parte hartzaileen prozesuari dagokionez, udalaren eta herritarren arteko elkarrizketa urteko momentu jakin batera mugatu ordez, urte osora zabaldu da, prozesua berregokituz, eta beraz, udalean hasita gaude datorren urteko aurrekontuak lantzen".

Prozesuari hasiera emateko, asteartean egingo dute lehen saioa, herritarrekin. “Orain arte, aurrekontuak lantzeko garaian, unean uneko erronkak edo beharrak izan ditugu kontuan eta egitasmo zehatzen inguruan jardun dugu; iazko prozesua ere testuinguruagatik, berezia izan zen; horregatik aurten, egitasmo zehatzak lantzen hasi aurretik, 2022an indarrak non jarri eta zeintzuk izan behar diren Tolosako politika publikoen lehentasunak aztertu nahi dugu herritarrekin” adierazi du Joseba Ormazabalek.

Udal gobernuak datorren urtera begirako indar-fokuak zehaztu ditu, horiek teknikoki eta udal talde politikoekin kontrastatu dira. Orain tolosarren txanda iritsi da. “Aurtengo aurrekontuak ezohikoak izan dira, pandemiak eragindako beharrei erantzutera bideratu behar izan ditugulako udal baliabideak hein handi batean, baina aurreikusitako proiektuak mantendu eta aurrera eramateko ahalegina ere egin dugu, bien arteko orekak mantenduz”, adierazi du Ormazabalek.

Datorren urtera begira, ohiko aurrekontuak osatzea da udal gobernuaren helburua, egungo testuingurua eta honen bilakaera kontuan izanda. Sailez sail eta egunez egun egiten den jardunaz gain, legealdi planean jasotako egitasmoak, eta etorkizunera begira eraiki nahi den Tolosa kontuan hartuz.

Bost indar-foku zehaztu ditu udal gobernuak 2022rako:

  • Herritarren ongizatea eta gizarte kohesioa.
  • Tolosa biziberritzea, herri bizia eta dinamikoa helburu.
  • Pertsonak erdigunean kokatzen dituen Tolosa: atsegina, zaindua, beharreko azpiegiturekin.
  • Ingurumenaren zaintza eta jasangarritasuna, Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko.
  • Garai berrietara egokitutako Udala.

Ekainaren 22an abiatuko da, beraz, hurrengo urteko aurrekontu parte-hartzaileen lehen fasea, indar-fokuen kontraste saioarekin. “Zehaztu ditugun indar-foku eta lehentasunak herritarrekin partekatu nahi ditugu, elkarlanean politika publikoak, aurrekontuak eta gure herriaren etorkizuna lantzen eta eraikitzen jarraitzeko”. Online saioa izango da, 18:00etatik 19:30era. Saioan parte hartzeko beharrezkoa da aurrez izena ematea, galdetegia beteta.

Tolosar guztiek parte hartu dezakete saio honetan zein prozesu osoan. Uda ondoren, saio tematikoak egingo dira herritarrekin indar-fokoen lanketatik abiatuta, proiektu eta egitasmoa zehatzagoak lantzeko. Herritarrek zalantzarik badute, Gobernantza eta Komunitatea sailarekin harremanetan jar daitezke 010 telefonora deituta edota gobernantza@tolosa.eus helbidera idatzita.

Gizartearen aktibazioa bilatu nahi dutela adierazi du Garikoitz Lekuona teknikariak. "Astearteko saioan, dinamika parte-hartzaileak sustatu nahi ditugu eragile ezberdinekin, testuinguruan kokatu eta indarra non egin jakiteko". Behin astearteko saioa igarota, asteazkenetik aurrera ekarpenak egiteko aukera izango dute herritarrek, hilabete batez. Udazkenerako, berriz, urrats berriak emateko asmoa adierazi du Lekuonak. "Saio monografikoak egitea da asmoa, eta ahal bada, presentzialak".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!