Zazpi ekintzailerentzat tokia dago Emari Coworking gunean

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 17a, 17:00

Oriaburu eraikinean Emariko lehen promozioko ekintzaileekin elkarlanean, coworking gunea gizarteratu eta plazak betetzeko helburuz kanpaina abiatu du Tolosako Udalak.

Tolosako Oriaburu eraikinean kokatzen den Emari Coworking gunean zazpi leku daude libre ekintzaileentzat. Interesa dutenek izena eman dezakete www.emari.eus webgunean, eta izena eman ondoren udaleko arduradun bat jarriko da beraiekin harremanetan. Olatz Peon alkateak azpimarratu duenez, Emari aukera bat da, proiektu berriei bidea emateko: «Coworking gune publikoa izanik eta proiektu berriak aztertzera eta sortzera bideratua dagoenez, espazio komun bat eskaintzen dugu, non pertsona guztiek beren artean jarduten duten, lankidetzan aritzen diren, gogoeta egiten duten eta esperientziak partekatzen dituzten».

2018an egokitu zen Oriaburu eraikineko bigarren solairua coworking gune bihurtzeko, «Tolosako hiri ekonomia indartu, enplegu aukera berriak sortu eta herrian bertan ekintzaileen erreferentziazko berrikuntza eta sormen zentro bat izateko helburuarekin». Hastapen fasean dauden proiektuak garatzeko gune bat izatea da helburua eta bertan lan egiten duten proiektuen arteko sinergiak sustatzea. Kristina Larrañaga gunearen kudeaketaz arduratzen den teknikariak azaldu duenez Emari Coworking gunean ordutegia malgua da: «Ekintzaileek asteko zazpi egunetan, 24 orduz, sarbidea dute Emarira. Hilabetean 50 euroko kuota da espazioan egoteko kostu bakarra eta gutxienez sei hilabetez eta gehienez hiru urtez egon daitezke bertan». 

Coworking gunean errealitate erabat ezberdinak garatzen dira. Ekintzaile bakoitzak du norberaren erabilerarako eremu fisiko indibiduala, eta bertatik garatzen dute euren enpesa jarduera eta bezeroei arreta zuzena ematen diete. Horrez gain, Emarik internetera konexioa, funtzio anitzeko inprimagailua, bilera gela eta sukalde txokoa ditu. Bestalde, bertako ekintzaileek harreman zuzena dute gunea kudeatzen duen teknikariarekin eta formakuntza eta aholkularitza eskaintzen zaie.

Formakuntza saioak

Udazkenean ekintzaileei zuzendutako ikastaroak eskainiko ditu Tolosako Udalak Emari Coworking gunean bertan. Iaz, ekintzaileen lehiakortasuna hobetzeko marketin aurreratuari buruzko lau hilabeteko formazio saioa eskaini zuen Mondragon Unibertsitateak. Peonek aurreratu duenez, aurten bi kolektibori zuzendutako beste bi saio eskainiko dituzte: «Uztailaren 7an eta irailaren 8an, zibersegurtasunaren inguruko jardunaldi ezberdinak antolatu dira Ziur fundazioaren eskutik. Enpresa txiki eta ertainentzat eta ekintzaileentzat ere izango da formazio saioa. Alkateak nabarmendu du lehen aldia dela enpresei zuzendutako horrelako jardunaldi bat antolatzen dela Tolosan.

Emari Coworking gunean 10 ekintzailerentzako tokia dago, eta gaur egun, hiru baino ez dira ari lanean. Lehen promozioko ekintzaileek euren tokia utziko dutenez, zazpi ekintzaile berri erakartzeko kanpaina jarri zuen martxan udalak maiatza amaieran. «Duela hiru urte zabaldu zituen ateak Emarik, eta espazioa indarberritzen, ezagutzera ematen, ekintzaile berriak erakartzen eta ekintzaileei aukera berriak eskaintzen jarraitu nahi dugu. Helburu horrekin abiatu dugu informazio kanpaina berria, ekintzaileen parte hartzearekin garatu duguna, herritarrei beren esperientzien berri eman eta espazioa ezagutzera eman dezaten», azaldu du alkateak. 

SILVIA SERNA POSTIGO: «Lan egiteko askatasun espazio bat da hau, baldintza ezin hobeekin»

Enpresa mundutik zetorren Silvia Serna Postigo eta negozio ideia berri bat garatu ahal izateko iritsi zen Emari Coworging gunera. «Paradigma berri baten bila nenbilen eta nik proposatutako negozio ideiaren oinarrian dago erakundeak nola humanizatu. Iruditzen zaigu pertsonek dutela aldaketarako giltza eta horretarako sareak eta lankidetzak garrantzitsuak direla».

Sinergia ideia horiei helduz, beraz, coworking espazio batean lekutzeko ideia erabili zuen buruan Sernak: «Lehenik Tolosako Udalarekin harremanetan jarri eta ondoren Tolosaldea Garatzenen negozio plana lantzeko aukera izan nuen. Baldintzak bete eta tokia egin zidaten hemen Emarin. Prozesu guztian lagunduta sentitu nintzen».

Ekintzaile berriak pausoa ematera animatu nahi ditu Sernak. «Lan egiteko askatasun espazio bat da hau, baldintza ezin hobeekin. Kanpotik jendea hona etorri eta nola funtzionatzen duen ikusterakoan harrituta geratzen da». Gainerako ekintzaileekin duen zuzeneko hartu-emanak proiektu partekatu batzuk garatzeko aukera eman diela nabarmendu du Sernak. «Sareak eta lankidetza berez bultzatzen dira hemen».  

ILAZKI ZALAKAIN ERBITI: «Espero ez nuena da hainbeste sinergia lortzea, beti sortzen dira kontaktuak »

Eskertuta agertu da Ilazki Zalakain Erbiti  Tolosako Udalarekin Emari Coworking espazioa erabiltzeko aukera eskaini izanagatik. Hiru urte dira bertan lanean hasi zela: «Ideia berritzaile bat izan nuen eta aldundiaren laguntza izan nuen hori garatzeko. Iaz sortu nuen Benio izeneko enpresa eta izen bereko aplikazioa».

Oriaburu eraikinean dagoen espazioa «zoragarria» dela esan du Zalakainek. «Bilera gelak, sukaldea, komuna... diseinatzaile eta garatzaileekin bilera asko egin behar izan ditut eta horretarako espazio egokiak topatu ditut hemen». Gunea erabiltzeko ordaindu beharrekoa «merkea» dela esan du ekintzaileak.

«Espero ez nuena da hainbeste sinergia lortzea. Ekintzaileena oso kolektibo arraroa da eta oso ondo dago zu bezalakoekin harremanetan egotea. Beti sortzen dira kontaktuak, lan osagarriak, informazioa... Elkarri babesa emateko aukera izatea ere eskertzekoa da».

Emari ideia bat daukan ekintzailearentzat toki aproposa dela uste du Zalakainek: «Jende zoragarria topatuko dute elkarbanatzeko gogoz dagoena. Gauza onak baino ezin ditut esan Emari guneaz». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!