Ziko Likofo

Irati Saizar Artola 2021ko eka. 20a, 07:56

Ziko Likofo. I. SAIZAR

Ziko Likofo 1999an jaioa da, Kongon.

Gay da, eta Kongon homosexuala izateak jazarpena, kartzelara bidaltzea edota heriotza ekar lezake. 2017ko uztailean Kongotik irtetea erabaki zuen. Pertsona batzuei ordaindu zien herrialdez herrialde eraman zezaten. Kamerunera joan zen lehenik, handik Nigeriara, Burkina Fasora, Malira, Aljeriara eta Marokora. Hilabete inguru iraun zuen bidaiak. Marokon zodiak bat hartu zuen eta Almeriako portura iritsi zen, 2017ko abuztuaren 29an.

Almeriatik Madrilgo laguntza humanitarioko zentro batera eraman zuten, Miraflores aterpetxera, eta han hamar egunez egon zen. Ondoren, bere borondatez Frantziara joatea erabaki zuen. Urtebete inguru egin zuen han, eta nazioarteko babesa eskatu zuen. 2018ko irailaren 20an Espainiara itzuli zen. Asiloa ukatu diote. Zuloaga Txikin dago egun, pertsona zaurgarria delako eta bere errealitatea lantzea beharrezkoa delako.

«Pozik nago hemen, lasai», dio Ziko Likofok. «Lehen ez nuen gaztelaniaz ez ulertu, ezta hitz egiten ere, eta orain, egunero klasera joaten naizenez, ikasten ari naiz eta ikasten jarraitu nahiko nuke; ikastea oso garrantzitsua da bizitzarako», gehitu du. Azken bi urteetan Bilbon bizi izan da, eta duela lau hilabete eta bi aste iritsi zen Tolosara, Zuloaga Txikira, CEAR-Euskadiren bidez.

Bilbon zegoela, ikasten ari zen; iturgintzako eta garbiketako kurtsoak egin zituen. «Orain, egunero EPAra joaten naiz ikastera, eta aste honetan, estetikako azterketa bat izan dut Donostian, nire herrialdean esperientzia banuelako estetika munduan», kontatu du. «Lanbidera ere deitzen dut, lan egin nahi dudalako eta esperientzia badudalako, baina ez daukat paperik, poliziak txartel gorria kendu egin baitzidan 2019an». Pasaportea da lortu duena: «Kongoko enbaxadaren bidez lortu dut pasaportea; urtebete eta bi aste behar izan ditut lortzeko».

Aurrera begira asmo nagusia gaztelania gehiago ikastea da, eta paperak lortzen baditu, lan egitea. «Hemen bizitzen jarraitu nahiko nuke, Tolosan, asko gustatzen zait, pozik eta lasai bizi nahi dut».

Erlazionatuak

Bizitzen jarraitzeko laguntza

Irati Saizar Artola 2021 eka 20 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!