Alpha Mamdou Diallo

Irati Saizar Artola 2021ko eka. 20a, 07:57

Alpha Mamdou Diallo. I. SAIZAR

Alpha Mamdou Diallo 1999an jaioa da, Ginean.

Bere herrialdean arazoak zituen neska-lagunaren aitarekin, etnia ezberdinekoak zirelako. Neska-laguna malinke etniakoa zen eta bera peul etniakoa. Egun batean, lanean ari zela, neska-lagunaren aitak militarrei deitu eta eraso egin zioten. Bala-zauriak ditu.

Bi hilabeteren ondoren, neska-laguna haurdun geratu zen eta abortatzea erabaki zuten, euren bizitzak arriskuan egon ez zitezen. Klinika batera joan ziren eta medikuak pastilla batzuk eman zizkion neskari abortatu ahal izateko; prozesu hori legez kanpokoa da Ginean. Hurrengo egunean, neska hilda agertu zen, eta, horren ondorioz, Alphak Marokora joatea erabaki zuen, amaren laguntza ekonomikoarekin.

2018ko ekainean iritsi zen Espainiara, izenik gogoratzen ez duen leku batera, zodiak ontzi pneumatiko batean, eta jarraian, Alemaniara joatea erabaki zuen. 2020ko urtarrilean Alemaniatik alde egin eta zodiakean ezagutu zuen gazte batekin harremanetan jarri eta Segoviara iritsi zen.

Bi hilabeteren ostean, Madrilera joan zen. Kalean egiten zuen lo eta bide batez, gaztelaniako ikastaro batean hasi zen. Alarma egoera iristean, kiroldegi batean lo egiteko leku bat lortu zuen. Madrilen zela, poliziarekin hitzordua egitea kostatzen ari zitzaion eta Euskal Herrira etortzea erabaki zuen, hitzorduak lortzea errazagoa zelako. Maiatzaren 25ean iritsi zen Zuloaga Txikira.

«Oso ondo nago hemen, lasai aurkitzen naiz», dio Alpha Mamdou Diallok. Asiloa eskatuta du eta onartu edo ukatuko dioten zain dago: «Ez dakit zenbat denbora pasako duten erantzuna emateko, eta bitartean hemen jarraitzea da nire asmoa».

«CEAR-Euskadik asko lagundu dit honetan guztian. Hona etorri aurretik kalean nengoen, eta orain lotarako eta jateko leku bat dut», dio, irribarre batekin. Egunero zeregin ezberdinak izaten dituzte aterpetxean, «txandak egiten ditugu sukaldean, eta baita garbiketan ere, otorduak amaitu ostean gauzak garbitzeko». Arratsaldero, gainera, gaztelania ikastera joaten da EPAra, 18:00etatik 20:00etara bitartean.

Erlazionatuak

Bizitzen jarraitzeko laguntza

Irati Saizar Artola 2021 eka 20 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!