Sidi Ethman Sidi Dghaoui

Irati Saizar Artola 2021eko ekainaren 20a

Sidi Ethman Sidi Dghaoui. I. SAIZAR

Sidi Ethman Sidi Dghaoui 1988an jaioa da, Mendebaldeko Saharan.

Aberrigabea da, eta eskaera eginda du. Sahararra izatez, Mauritaniara egin zuen lehenik bidea eta handik Kanaria Handira, itsasoz. Kalean geratu zen iritsi zenean, eta kontatu du ez zela inolako Gobernuz Kanpoko Erakundeetara joan, ezta poliziarengana ere. Kanaria Handian bi egun egin zituen. Dioenez, pertsona batek itsasontzirako txartel bat ordaindu zion Kanaria Handitik Bilbora joateko. «Ez dakit zein hiri eta herrietatik igaro naizen Bilbora iritsi arte». Maiatzaren 21etik dago Zuloaga Txikin. Aldi baterako dago bertan, beste lekuren batean plaza esleitzeko zain baitago.

«Hona iristean esperantza da aurkitu dudana, bizitzeko esperantza, nire egoera hobetu daitekeela ikusi dut», dio Sidi Ethman Sidi Dghaouik. Tolosan duen asmo nagusia gaztelania ikastea da, «gizartean integratu ahal izateko eta euskal kultura hobeto ezagutzeko». Lana ere aurkitu nahiko lukeela esan du, «ondo bizitzeko».

Egunerokoan pozik bizi da Zuloaga Txikin: «Goizean otoitz egiteko esnatzen naiz 06:00etan, eta berriro ohera sartzen naiz; gosaldu ondoren, kirola egiten dut, gimnasiora ez banoa, korri egitera ateratzea gustatzen zait; tea hartu, eta gaztelaniako lanak egiten ditut. Bazkaldu ondoren, denbora hartzen dut, esaterako, telebista ikusteko».

Gustura sentitzen da Euskal Herrian, hala aitortu du: «Orokorrean beste kulturak ezagutzea asko gustatzen zait, eta euskal gizartea nahiko irekia dela esango nuke, positiboki baloratzen dut».

Erlazionatuak

Bizitzen jarraitzeko laguntza

Irati Saizar Artola 2021 eka 20 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!