Arratsaldez eta asteburuetan izapideak egiteko aukera, UDATEko bulego automatizatuan

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 17a, 18:00

UDATEko izapideetarako makinan izapideak egiteko ordutegia zabaldu du Tolosako Udalak, herritarrei eskainitako zerbitzua hobetzeko helburuarekin.

UDATEko izapideetarako makinan izapideak egiteko ordutegia zabaldu du udalak, herritarrei eskaintzen zaien arreta zerbitzua hobetzeko helburuarekin. Lehen, astelehenetik ostiralera soilik erabil zitezkeen izapideak egiteko kutxazainak, goizez bakarrik, eta ostegunetan arratsaldeko 19:00ak arte.

Ordutegi berriarekin, UDATEko bulego automatizatuan izapideak egiteko aukera zabaldu da: astelehenetik ostiralera 7:15etik 20:00etara erabili daitezke, eta asteburu eta jaiegunetan ere eskuragarri egongo dira, 8:00etatik 20:00etara. "Herritarrei izapideak egiteko aukera zabaltzen die aldaketa honek, eta ordutegi guztietara moldatuz, herritarren eta udalaren arteko harremana errazagoa eta arinagoa bihurtzen du", adierazi dute udaletik.

UDATEn bertan kokatuta dagoen izapideetarako bulego automatizatuaren bidez ez ezik, telematikoki ere egin daitezke izapideak, norberak aukeratutako unean. Besteak beste, honako tramiteak egiteko aukera dute herritarrek: errolda ziurtagiriak eskuratu, ordainketa gutunak ordaindu, ordainagirien kopiak eskuratu, isunak ordaindu edota espedienteak kontsultatu.

Aurrez aurreko zerbitzua ere eskaintzen da edozein izapide egiteko, astelehenetik ostiralera, 7:15etik 14:15era (ostegunetan, 19:00ak arte). Segurtasun neurriak betetzeko, aurrez eskatu behar da hitzordua, Tolosatik 010 zenbakira deituta, edo bestela, 943 654 466 zenbakira deituta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!