Tolosako Udalak diru laguntza deialdi bateratua jarri du martxan

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 17a, 19:00

Hainbat arlotako herritar eta taldeak babestuko ditu; bestetik, uztailaren 27ra arte eskatu daitezke ostalaritza eta turismoa suspertzeko laguntzak.

Legealdi Planean jaso zuen bezala, hainbat arlotarako diru laguntza deialdi bateratua landu du Tolosako Udalak. «Udal gobernuarentzat garrantzia berezia duen eta estrategikoa den ekintza bat da hau, herritar, talde eta eragile askorengan eragina duena. Horiek egiten duten lana ezinbestekoa baita herriak duen jarduera aurrera eraman eta mantentzeko», adierazi dute udaletik. Zehazki, kultura, gazteria, berdintasuna, euskara, kirola, gizarte zerbitzuak eta enpresen lehiakortasuna arloetakoak dira diru laguntzak.

Aurten, lehen aldiz argitaratu dira diru laguntza guztiak batera. Deialdi honek bi helburu dituela azaldu dute: Herritarrei diru laguntza bat eskatzeko prozesua erraztea eta, herritarrei kalitatezko zerbitzua emateko, barne kudeaketa eraginkorragoa izatea. «Herritarren arloan, barne lanketa sakona egin da, gaia modu bateratuan, zeharkakotasunez eta ikuspegi orokor batetik landuz, eskabideetan erraztasunak emateko helburuarekin». Horretarako, irizpideak bateratu, eta diru laguntzen fitxak eta herritarren eskura jartzeko ereduak sortu ditu udalak.

Diru laguntzen informazio guztia (araudia, helburuak, baldintzak, kopuruak...) jasotzeko, atal bat sortu da udalaren webgunean (Tolosa.eus). Gida bat ere sortu du udalak, diru laguntzak nola eskatu eta hauen justifikazioa non eta nola egin modu ulergarrian herritarrei helarazteko. Informazio gehiagorako edo izapide elektronikoak egiteko laguntza jasotzeko, KZgunera joan edo 943 654 466 telefonora deitu dezakete interesa duten herritar nahiz taldeek.

200.000 MILA EURO, OSTALARITZA ETA TURISMORA

Bestetik, herriko hiri ekonomia babestu eta indartzeko neurriak hartzen jarraitzen du udalak, COVID-19ak gehien kaltetu dituen sektoreak biziberritzeko helburuarekin, tartean, ostalaritza eta turismoa. Hain justu, horiei bideratutako diru laguntza zuzenak emango ditu udalak. «Koronabirusak eragindako krisiaren ondorioei aurre egitea da asmoa. Horrez gain, jarduera ekonomikoa biziberritzea, enplegua sustatzea eta lehiakortasuna mantentzea dira helburuak», esan dute udaletik.

Tolosako Udalak 200.000 euro bideratuko diru laguntza hauetara. Deialdian zehaztutako baldintzak betez gero, 1.000 euroko diru laguntza zuzena emango zaie ostalaritza establezimendu guztiei, itxieragatik. Lau mahai baino gutxiago dituzten establezimenduek, berriz, 2.000 euroko laguntza gehigarria jasoko dute. Turismo jardueren kasuan, 3.000 euroko laguntza emango zaie sektoreko enpresei.

Gauzak horrela, Tolosan kokatutako taberna, jatetxe, sagardotegi, ostatu turistiko (hotel, nekazaritza-turismoko establezimendu edota apartamentu turistiko) eta bidaia agentzietako titularrek eskatu ditzakete laguntzak, uztailaren 27a baino lehen. UDATEren bulegoetan (herritarren arreta zerbitzuan) aurkeztu daitezke eskaerak; bestela, telematikoki egin daiteke. Interesa dutenek, Tolosa.eus webguneko diru laguntzen atalean, udaleko merkataritza sailera deituz (943 697 521) edo merkataritza@tolosa.eus helbidera mezu bat bidaliz eskuratu dezakete laguntzen inguruko informazio zehatzagoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!