Afizionatuen txirrindularitza proba egingo da larunbatean, eskualdetik barrena

Imanol Garcia Landa 2021ko eka. 17a, 07:58
Jose Maria Anzaren Oroimenezko probaren bukaera, 2017an.

Oriako Txirrindulari Eskolak antolatuta, XLIII. Jose Maria Anzaren Oroimenezko lasterketa izango da jokoan, Tolosan hasi eta bukaera izango duena.

Iazko parentesiaren ondoren, XLIII. Jose Maria Anzaren Oroimenezko txirrindularitza proba egingo da Tolosaldean, Oriako Txirrindulari Eskolak antolatuta. Hasiera zein bukaera Tolosan izango du. Gizonezkoen afizionatu mailako txirrindulariek parte hartuko dute bertan eta Abiatzen torneoko azkena izango da. Proba larunbatean izango da, eta 16:00etan abiatuko da San Frantzisko etorbidetik.

Ibilbideak 128 kilometro izango ditu eta hiru aldiz igaroko da Larraitz mendatetik. Tolosatik abiatu ondoren Alegia aldera joango dira eta handik Ordiziara joan eta Alegiara itzuli ondoren, hiru itzuliko zirkuitu moduko bat egingo dute, Alegia, Ordizia, Zaldibia, Larraitz, Amezketa eta berriro ere Alegia hartuko duena. Azken itzulian, Amezketatik jaisterakoan, Altzora igoko dira eta ondoren Txaramatik igaro eta gero Tolosan amaituko da proba. 19:00ak aldera espero dute amaituko dela.

Aitor Aiertza Oriako Txirrindulari Eskolako lehendakariak azaldu duenez, «gure ustez ez da tropel handia iritsiko helmugara. Urtero ziztu bizian ibiltzen dira eta Larraitz gogorra egiten da lehia bizian zabiltzanean, batez ere hiru aldiz egiterakoan». Gainera, Altzoko azken igoera ere izango dela kontuan izanik, lasterketa puskatu egingo dela aurreikusi daiteke. «Talde txikiren bat iritsi daiteke helmugara, normalean horrelako lasterketetan gertatzen den moduan», zehaztu du Aiertzak.

Unai Iribar ibartarra dago Abiatzen torneoko sailkapenaren buru, baina ez da izango Tolosako proban. Izan ere, Espainiako Txapelketak izango dira asteburuan eta bertan egongo da Iribar. Hala ere, Abiatzen torneoko bigarren sailkatua ere Espainiako Txapelketan izango denez, Iribarrek eramango du torneoaren sailkapen orokorra. «Pena da Unai hemen ez izatea, baina urtero gauza bera gertatzen zaigu Espainiako Txapelketarekin, San Joan inguruan antolatzen baitute, eta normalean bat egiten dute bi probek egutegian», esan du Aiertzak.

DENBORALDI OSO ONA

Limousin-Oriako taldea oso denboraldi ona izaten ari dela esan du Aiertzak: «Emaitza aldetik zein txirrindularien mailaren aldetik oso gustura gaude. Kadete mailan eta jubeniletan hainbat lasterketa irabazi ditugu». Kadete nesken taldeak lehen postua lortu zuten aurreko asteburuan Espainiako Kopan, Valladoliden egindako proban. Arene Perez, Oneka Sanchez, Ayala Serrano, Irene Dravasa eta Garazi Bergara izan ziren lehen postua lortu zuten taldekideak.

Jubenil mailan Unai Zubeldia maila handia erakusten ari da, hainbat lasterketa irabaziz. Euskal Herriko Torneoan bigarren postuan doa sailkapen orokorrean eta Obanosen (Nafarroa) du azken lasterketa. «Saiatuko gara Unaik sailkapen orokorra irabaz dezan», azaldu du Aiertzak. Hemendik aurrera asteburu guztietan lasterketak izango dituzte Limousin-Oriako taldeko txirrindulariek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!