Bonu Berdea  programa abiarazi du Zutani elkarteak

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 17a, 11:57
Zutani elkarteak 600 pertsonari ematen die laguntza.

30 familiak eta euren seme-alabek barazki eta frutak jasotzea da helburua, elikadura orekatuago eta osasungarriagoa izan dezaten; lau saltokitan jaso ahalko dituzte.

Zutani elkarteak Bonu Berdea izeneko proiektuaren berri eman du. Gaur egun egoera ahulean, pobrezian eta gizarte-bazterketako arriskuan dauden 600 pertsonari ematen diete laguntza, baina oro har, lekaleak, arroza eta pasa banatzen dizkiete. «Produktu freskoak (fruta eta barazkiak), arrazoi ekonomikoak medio, familia horien dietatik kanpo daude». Elkarteak esan du herriko haur askoren nutrizio egoerari aurre egiteko asmoz abiarazi duela proiektua. Produktu freskoak egoera zaurgarrian dauden 30 familiako kideen artean banatuko dituzte, horien artean 63 haur daudelarik. Produktu horiek lortzeko hitzarmena sinatu dute herriko lau dendarekin (Goikoetxea, Soronea, Ekotolosa eta Super Eko). Programak 6 hilabete iraungo du eta hilean lau otar jasoko dituzte.

Erabiltzaileek dendetan bertan jaso ahal izango dituzte otarrak, Bonu Berdea aurkeztuta eta horrekin batera Elikadura Osasuntsu eta Orekatuaren inguruko formazio tailerra jasoko dute GuKi ekogunean. Zutani elkarteak esan du programa garatzeko Tolosako Udalaren laguntza jaso duela.

30 familiaren eta beraien haurren elikadura osasuntsuagoa eta orekatuagoa izaten laguntzea da programaren helburua, eta baita «familiekiko elkar harremana eta elkarbizitza indartu eta gizarteratze prozesua bultzatzea» ere. Elkarteak gogoratu du era berean, Agenda 2030 ekimeneko helburuak partekatzen dituztela, hau da, besteak beste «garapen jasangarria, zero gosea, pertsona guztiei elikagaiak eskuratzen laguntzea, elikadura desegokia ezabatzea eta nekazaritza jasangarria sustatzea».

Iurreamendiko ekimena
Bonu Berdearen proiektuarekin batera, Iurreamendiko Baratze Parkearekin elkarlana sustatuko du Zutani elkarteak, jada martxan dagoen ekimenari jarraipena emanez. Horren harira, Iurreamendiko Baratza Parkeko erabiltzaileek, 80 baratza, 80 kg laguntza kanpainaren barruan, elikagai freskoak emango dituzte. Horretarako kutxa bat jarri dute parkeko etxolan, eta bertan utzi ahal izango dituzte elikagaiak. Bestalde, Zutanik, Laskorain Ikastolak eta Auzolanean Tolosa taldeak duten lur eremuetako uzta elkartera eramaten jarraituko dute, ondoren erabiltzaileen artean banatzeko.

Tokiko merkataritzaren eta ekoizleen parte hartze zuzenaren bidez, herritarren protagonismoa berreskuratu nahi dutela esan dute elkarteko kideek, «ahalik eta pertsona gehien inplikatuz, eta elkartasunezko keinu txikien bidez, udalerriko biztanle ahulenen arazoak duintasunez konpontzen lagun dezaten».

Izan ere, elkarteko helburua da udalerriko saltokien artean sare solidario bat osatzea, Tolosako 100 familiak gutxienez elikadura orekatuago eta osasuntsuago bat eskura izan dezaten. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!