20 pertsona bizi dira gaur egun harreran, Zuloaga Txiki aterpetxean

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 15a, 18:00

Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna izango da igandean, eta gaur goizean Beatriz Artolazabal sailburua, Xabier Legarreta Migrazio eta Asiloko zuzendaria eta Olatz Peon Tolosako alkatea izan dira Zuloaga Txikiko aterpetxea bisitatzen.

Zuloaga Txiki aterpetxeak 2019ko abuztu amaieran ireki zituen ateak, 35 pertsonari arreta emateko gaitasunarekin. Gaur egun, 20 pertsona bizi dira harreran, nazioarteko babesaren inguruko eskaerari buruzko ebazpena emateko zain. Aterpetxeak arreta, orientazioa eta laguntza eskaintzen dizkie bestelako baliabiderik ez duten nazioarteko babesaren eskatzaile eta onuradun diren pertsona eta familiei eta aberrigabeei.

Igandean Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna izango da, eta aterpetxea bisitatzen izan dira gaur goizean Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Xabier Legarreta bere saileko Migrazio eta Asiloko zuzendaria eta Olatz Peon Tolosako alkatea. Patricia Barcena CEAR-Euskadiko zuzendaria ere bertan izan da. 

CEAR-Euskadik kudeatzen du aterpetxea, eta aurten, hain justu 25 urte bete ditu elkarteak. Artolazabalek zorionak eman dizkie "25 urteotan izan duen inplikazioagatik" eta "urteotan zuin laguntza jaso duten milaka pertsonentzat itxaropen izpi" bilakatzeagatik.

Horrekin batera, erakundeen arteko elkarlanaren balioa ere nabarmendu du, izan ere, aterpetxea Tolosako Udalaren lagapena da. Olatz Peon alkateak esan du urteak daramatzatela CEAR-Euskadik errefuxiatuak hartzeko egiten duen lana bultzatzen eta laguntzen, eta horretarako, tutoretzapeko pisuak edo Zuloaga Txiki zentroa proiektuaren esku jartzen, "gizarte zerbitzuen eta zentroko pertsonalaren artean erabiltzaileen beharrei erantzuteko egiten den lan koordinatuaz gain". Tolosan dauden migratzaileek udalerriari egiten dioten ekarpenaz aritu da ere: "Udalerri anitza gara, eta aberasgarria da kultura eta jatorri desberdinetako jendea izatea". 

Horrelako egoitzen beharraz azpimarratu du sailburuak, "arreta, babesa eta aterpea jaso ditzaten, muturreko egoera gordinetan eta gogorretan eginiko ibilbide fisikoa jasan ondoren". Patrcia Barcena CEAR-Euskadiko zuzendariak esan du Zuloaga Txiki harrera ereduko "tresna malgua" dela, eta aukera eman diela orain arte 112 pertsonari atseden hartzeko, "jasandako indarkeriaren ondotik indarrak hartzeko eta haien gaitasun eta jakintzak eskaintzeko herri solidario eta konprometitu honi".

Adierazpenen ostean, aterpetxeko instalazioak bisitatu dituzte, Hassana Aaliaren azalpenekin. Hassana Aalia asiloko eskatzaile gisa iritsi zen, eta gaur egun, Zuloaga Txikin beste pertsona batzuei laguntzen egiten du lan. Bi eraikin ditu Zuloaga Txikik, batean, 6-12 plaza bitarteko logelak daude, beren komunekin, eta beste eraikinean sukaldea eta jangela bat dute, eta baita garbigailuen gunea ere. Zabaldu zenetik, guztira 22 nazionalitateko 110 pertsonak erabili dute Zuloaga Txikiko harrera zentroa.

TOLOSALDEKO ATARIA-k errefuxiatuen gaia zabalago landuko du ostiraleko astekarian.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!