Bertako ondare naturalaren berri izateko

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko eka. 14a, 15:59

Elosegi parkeko bioaniztasuna balioan jartzeko, Tolosako Udalak ibilbide botanikoa markatu du bertan; zuhaitz espezie esanguratsuenen informazioa eskuragarri dute herritarrek

XIX. mendean, Pierre Ducasse lorazainak diseinatu zuen Elosegi Parkeko lorategia. Tolosako Udalak, berriz, 2020an zabaldu zuen parkea, herritarrentzako aisialdirako gune gisa. Urte askotan sarrera itxita egon denez, herritarrek ez dute bertako ondare naturala gehiegi ezagutzen. Hori dela eta, ibilbide botaniko baten bidez, udalak balioan jarri nahi izan du parkeko bioaniztasuna, herritarrek bertako ondare botaniko eta ekologikoa sakonago ezagutzeko aukera izan dezaten.

Patxi Amantegi Ingurumen saileko zinegotziak nabarmendu du Eskola Agenda 21 proiektuan sortu zela ekimena. "Tolosako biodibertsitatea lantzeko herritarrek proposatutako ekintza bat izan zen, eta ingurua eta baliabideak aztertu ondoren, aurten martxan jartzea erabaki dugu".

Ibilbidean zehar, beraz, hainbat panel txiki aurkituko dituzte herritarrek. Hamabi informazio-puntu ezarri dira guztira, 11 zuhaitz eta hildako enbor baten inguruan. "Lorategiko zuhaitz espezie deigarri edo esanguratsuenak aukeratu dira eta paneletan espezie horien izen arrunta eta izen zientifikoa, eta kokapena agertzen dira, baita deskonposatzen ari diren enborrenak ere".

Panel txiki bakoitzak QR kode bat du, mugikorrarekin eskaneatuz gero, ibilbide botanikoko puntu horri buruzko informazio, argazki eta xehetasunetara bideratzen zaituena. "Bertako zuhaitz eta landare esanguratsuenen informazioa modu eroso eta erraz batean eskuratzeko aukera eskaintzen da, eta informazio hori, gainera, idatzizko formatuan kontsultatu ahal izateaz gain, audio modura ere entzun daiteke", adierazi du Margi Iturriza, ibilbide botanikoa garatu duen Galemys enpresako ingurumen hezitzaileak.

Amantegik gaineratu duenez, udalak azken urteetan hainbat ekimen eraman ditu aurrera Elosegi Parkean, "bioaniztasuna balioan jarri eta herritarrek bertako naturarekin duten harremana indartzeko". Besteak beste, ikastetxeekin elkarlanean abiatutako Base Eskola proiektua, hegaztien baheketa eta identifikazioa bultzatzeko Aranzadi elkartearekin ezarritako hegaztientzako jantokia eta Gabonetan egiten den Olentzeroren Basoa ekintza kulturala nabarmendu ditu zinegotziak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!