Tolosak 1. Maila Nazionalari eutsi dio

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 14a, 14:55

Berriozar taldeari 4-2 irabazi ondoren, hurrengo denboraldian maila berean jarraituko du futboleko taldeak.

Denboraldiko helburua lortu du taldeak jardunaldi baten faltan. "Beti esan dugu denboraldi hau luzea egin dela, baina kontuan izan behar da aurreko denboraldian liga eten egin zela, eta beste aukera bat izan genuela oraingo honetan. Azkenean bi denboraldiak kontuan hartu behar dira", esan du Imanol Cabero entrenatzaileak.

Lehen eta Bigarren mailen ondoren dago 1. Maila Nazionala. Aurreko urtean igoerarekin batera maila mantentzea zen helburua eta beste aukera bat izan zuten, iaz ez baitzen jaitsierarik izan. "Aurten bagenekien iaz egon ez ziren jaitsierak egongo zirela", esan du Caberok. "Aurtengo urtea gakoa zen, aurtengoa pasatuz gero, bagenekien datorren urtea errazago izango zela, aurten sei talde jaitsi baitira gure multzoan". Lehen fasean pixka bat kostatu zitzaien, baina bigarrengoan "taldeak erakutsi du kategoria honetan egoteko gaitasuna duela eta oraindik etorkizuna duela".

Atzo arratsaldean jokatu zuten Berriozar taldearen aurka, Berazubin, eta dagoeneko bazekiten beraiekin lehian zeuden beste bi taldek, Arratiak eta Revellinek, euren arteko partidan zer egin zuten. Arratiak irabazi zuen, eta Tolosa CF-koei berdinketa lortuz gero balio zien maila mantentzeko. "Partida oso ondo joan zen. Beldurra ematen zigun bero asko egiten zuelako, baina hasieratik 2-0 jarri ginen aurretik", esan du Caberok. Berriozarrek gola sartu zuen ondoren, baina Tolosak azkar erreakzionatu eta hirugarrena sartu zuen. Azkenean estutasun handirik gabeko garaipena lortu zuten tolosarrek.

Entrenatzaileek utzi egingo dute

Imanol Cabero lehen entrenatzaileak, Iraitz Garitano bigarren entrenatzaileak, Maddi Garikano prestatzaile fisikoak eta Leire Zubelzu fisioterapeutak taldea utziko dute denboraldi amaieran. "Guretzako ziklo baten itxiera izan da", esan du Caberok. "Urte asko goaz lehen taldearekin, eta klubean ere bai. Erabaki batzuekin ere ez geunden ados, eta erabaki dugu gure azken urtea izatea klubean". Caberok gaineratu duenez, "garrantzitsuena neskek taldean jarraituko dutela da eta oraindik dinamika ona izango dela". Jokalarien aldetik kamiseta bana oparitu zieten partidaren amaieran. Bestalde, Aiora Galartza kapitainak ere taldea utziko du.

Caberok eta Garitanok entrenatzen jarraituko dute, 1. Maila Nazionalean dagoen Añorga taldean. Beraz, datorren denboraldian Tolosa CF-ren aurka jokatuko dute.

Argazkiak: LEYRE CARRASCO

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!