Udan ere kulturaz gozatzeko aukera zabala egongo da Tolosan

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko eka. 11a, 17:59

Ekainaren 19tik uztailaren 31ra bitarte, arte eszeniko ezberdinetako artistek emanaldiak eskainiko dituzte herriko gune ezberdinetan; sarrerak aldez aurretik eskuratu behar dira Kulturaplazara.eus webgunean.

Beste urte batez, Kultura Plazara ekimena antolatu du Tolosako Udalak. "Herritarrei kulturaz modu seguruan gozatzen jarraitzeko aukera eskaintzeko helburua du jaialdi honek", adierazi du Olatz Peon alkateak. Iaz, egoerak hala baldintzatuta, udako eskaintza berezia antolatu zuen udalak, eta auzoetako jaiak ordezkatuz sortu zen Kultura Plazara ekimena; zezen plazan hainbat kontzertu antolatu ziren asteburu batean.

Aurten, iaz martxan jarritako proiektuari segida eman nahi diote, baina asteburu bakarrarekin nahikoa ez, eta hilabete eta erdiz luzatu dute egitaraua. "Kulturaren aldeko apustuan, iaz sortutako ekimena indartu eta aberastu nahi izan dugu aurtengoan, jaialdi formatura ekarrita eta denboran luzatuta; artista eta talde ezagunak izango ditugu Tolosan, baita tokikoak ere, kulturaz, kalean eta aire librean gozatzeko aukera izan dezagun, Tolosa kultur arloan errefente izatea nahi baitugu”, esan du alkateak. 

Euskal kulturari ikusgarritasuna

Gaurkoan, ekaina eta uztailerako saioak aurkeztu badituzte ere, udal ordezkariek aurkezpenean adierazi dutenez, jada antolatuta dute urrira bitarterako egitaraua. Aurrerago, gainera, Kalakan, Belako, Izaro edota Willis Drummond taldeen kontzertuez gozatzeko aukera izango da. "Pixkanaka gure herria normaltasuna eta ohiko jarduera berreskuratzen ari da, eta horretarako, udalaren babesa eta bultzada ezinbestekoak dira. Horregatik, urte hasieratik daramagu Kultura Plazara egitasmoaren baitan lanean, eta jaialdi hau gauzatzeko beharrezkoak izan diren baliabide guztiak jarri ditugu”, nabarmendu du Peonek.

Alkateak esan duenez, "kultura kalera ateratzea, eta batez ere, euskal kulturari ikusgarritasuna ematea" dira jaialdiaren helburu nagusiak. "Egitarau indartsua antolatu da, iruditeria sortu da, baita webgunea eta sare sozialak ere. Indar handiko musika eta kultura jaialdia izateko helburuarekin sortu eta garatu da egitasmoa, eta horrela izan dadin, Bidean produkzioak enpresaren laguntza izan dugu. Ziur gaude arrakasta izugarria izango duela". 

Ondorioz, jaialdiari, parte hartuko duten artistei nahiz kontzertu berriei buruzko informazio guztia eskuragarri dago Kulturaplazara.eus webgunean. Bertatik eskuratu ahal izango dira sarrerak, ekainaren 14tik (astelehena) aurrera. "2 urte oso zail izaten ari dira, eta eskertzekoa eta balioan jartzekoa da udalak emandako babesa eta egindako lana", adierazi du Julen Caminos Bidean Produkzioak enpresako kideak. "Gozatzeko moduko jaialdia izango da, eta beraz, animatu emanaldiez gozatzera", gaineratu du.

Arte eszeniko ezberdineko egitaraua prestatu dute, adin-tarte guztientzako. Ikuskizun gehienak zezen plazan izango dira, baina landa auzoetan eta herriko beste hainbat plazetan ere gozatu ahal izango da kulturaz.

EGITARAUA:

Ekainak 19, larunbata

  • 19:30. Frontona antzezlana, Herrikide ikastetxeko pilotalekuan (San Frantzisko pasealekua).

Ekainak 24, osteguna

  • 18:00. La Baldufa taldearen Safari haur emanaldia, Zumardihandian.
  • 19:00. Nikotina eta Skabidean musika taldeen kontzertuak, zezen plazan.

Ekainak 25, ostirala

  • 19:00. Zuhaitz Gurrutxagaren Futbolistok bakarrizketa saioa, Leidor aretoan.
  • 19:00. Anne Etchegoyenen kontzertua, zezen plazan.

Ekainak 26, larunbata

  • 9:30-20:00. Suak harrotuz ibilbide antzeztua, Urkizu auzoan.
  • 12:00. Isidro Larrañaga Akordeoi Orkestraren kontzertua, Plaza Zaharrean.
  • 19:00. ETS (En Tol Sarmiento) taldearen kontzertua, zezen plazan.

Ekainak 27, igandea

  • 12:00. Bertso jaialdia Berdura plazan, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Oihana Iguaran eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariekin.
  • 18:00. Kiki, Koko eta Moko pailazoen, Natura gara ikuskizuna, Zerkausiko terrazan.
  • 19:00. Puro Relajo taldearen kontzertua, zezen plazan.

Uztailak 3, larunbata

  • 12:00. Tolosako Udal Musika Bandaren kontzertua, Amarotz auzoan.
  • 17:00. Magi klown 2 haur emanaldia, Bedaio auzoan.
  • 19:00. Alaitz Artolaren kntzertua, Bedaio auzoan.

Uztailak 10, larunbata

  • 19:00. Gozategi musika taldearen kontzertua, zezen plazan.

Uztailak 11, igandea

  • 12:00. Combo taldearen kontzertua, Larramendi auzoan.

Uztailak 16, ostirala

  • 19:00. Zetak taldearen kontzertua, zezen plazan.

Uztailak 23, ostirala

  • 22:00. Tolosako Udal Musika Bandaren kontzertua (pelikulen soinu bandak), zezen plazan.

Uztailak 24, larunbata

  • 22:00. Bang Bang Tolosa zinema saioa, zezen plazan. Por un Puñado de Dolares filma.

Uztailak 25, igandea

  • 22:00. Markak komiki kontzertua, zezen plazan.

Uztailak 26, astelehena

  • 22:00. Otra Ronda filma, zezen plazan.

Uztailak 30, ostirala

  • 19:00. Sonakay taldearen kontzertua, zezen plazan.

Uztailak 31, larunbata

  • 19:00. Olatz Salvador + Idoia, zezen plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!