Biribilgune berri bat jarriko dute Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 10a, 15:20

Aurtengo asfaltatze kanpainaren barruan, San Frantzisko eta Pedro Tolosa kaleen arteko bidegurutzea, biribilgune bilakatuko du udalak.

San Frantzisko pasealekuaren eta Pedro Tolosa kalearen arteko bidegurutzean, semaforoen ordez, biribilgune bat jarriko du udalak, behin betirako. "Larramendiko biribilgune berriak izandako erantzun ona ikusita, ssoluzio bat diseinatu da, oinezkoen ibilbideak, bidegorriak eta ibilgailuen zirkulaziorako galtzadak barne hartzen dituena". 2021erako aurreikusitako asfaltatze lanen barruan egingo da obra, eta azken plenoan kreditu aldaketa bat onartu zen lan hauetarako.

Aldaketa honek, inguru horretako bizi kalitatea "nabarmen hobetzea" espero du udalak. "Besteak beste, geldirik dauden ibilgailuen kopurua murriztearen ondorioz, emisioak murriztuko dira, bide-segurtasuna hobetuko da eta zaratak gutxituko dira", adierazi dute. Gaur egun, San Frantzisko pasealekuak eta Alliri auzotik datorren bideak bi errei dituzte, eta biribilgunea egindakoan, bakarra izango dute. "Obra hasieratik kenduko dira bi errei horiek, eta ondorioz, espaloia eta bidegorriak zabaltzeko erabiliko da beste erreiaren azalera".

Datozen asteetan proiektua onartu eta obren lizitazioa abian jartzea aurreikusten du udalak, uda ondoren lanak hasi, eta urtea amaitu baino lehen amaitzeko helburuarekin. "Obrek irauten duten bitartean, ez da aurreikusten San Frantziskon trafikoa erabat etetea; baliteke puntualki beste ibilbide batetik bideratu behar izatea". Horrez gain, obra amaitu arte semaforoak martxan mantenduko dira. "Litekeena da denbora horretan auto-ilarak handitzea eta ordu puntetan ibilgailuek semaforoetan zain egon behar izatea".

Mugikortasun Plan Berria kontuan izanik egingo dituzte asfaltatze lanak; orain arteko asfaltatze-kanpainen planteamendu bera izango dute. "Bide zoruak birgaituko dira, aurrez zeuden ibilbideak mantenduz eta, asfaltatzea amaitutakoan, bide-marra berriak jarriz. Modu honetara, egun egokitzat jotzen ez diren hainbat gune egonkortzen direla ikusita, 2021eko asfaltatze lanek, bide-zoruak birgaitzeaz gain, bideen konponbideak berriz diseinatzea du helburu, Mugikortasun Plan Berrian ezarritako irizpideei jarraituz".

Aurtengo asfaltatze lanei dagokienez, San Frantziskon ez ezik, beste eremu batzuetan ere jardutea aurreikusten du udalak, hala nola, Usabalgo industrialdean eta Monteskue auzoko geltokietako bidean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!