Tolosalak mailari eutsi dio

Ataria 2021eko ekainaren 10a

Gizonezkoen areto futboleko Tolosala taldeak datorren urtean Hirugarren Mailan jarraituko du. «Azkenean irailetik espero genuen helburu hori aste honetan lortu dugula jakinarazi digute eta oso kontentu gaude», esan du Martin Lakuntza taldekideak.

Izan ere, bigarren fasean azken laugarren geratu zen talde tolosarra eta azken taldea jaisteaz gain, Bigarren B mailatik jaisten zen euskal talde kopuruaren arabera beste hainbeste taldek maila galdu zezaketen. Azkenean, federazioaren erabakia izan da azken sailkatua soilik jaistea.

Datorren denboraldian, bestalde, klubak proiektu berezi bat jarriko du martxan: areto futboleko eskola. «Gure helburua da beste kiroletan bezala, areto futbolean ere eskola bat izatea», zehaztu du Lakuntzak. «Garrantzitsua iruditzen zaigu haurrek areto futbola ezagutzeko aukera izatea». TEEPekin batera ari dira proiektua lantzen, eta izena emateko aukera zabalik dago dagoeneko. Horretarako tolosalaeskola@gmail.com helbidera idatzi behar da, eta interesatuek bertatik jasoko dute mezua jarraibideekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!