ERREPORTAJEA

Gitarra zahartxo baten memoria

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko eka. 11a, 07:58
Gaurko ikuskizunaren entsegu orokorreko une bat. HODEIERTZ ABESBATZA

Gorka Hermosa urretxuarrak prestatutako Iparragirre 200 urte, Urretxutik mundura ikuskizuna izango da, 19:00etan, Leidorren. Tolosako Hodeiertz abesbatzak ere parte hartuko du Iparragirreren bizitza bere kantuen bidez ezagutzeko aukera eskaintzen duen obran.

Joxe Mari Iparragirre olerkari, abeslari eta musikagile urretxuarra jaio zela 200 urte bete ziren iaz; zehazki, 2020ko abuztuaren 12an. 2018rako, ordea, efemeridean pentsatzen jarria zen Urretxuko Udala, eta urteurren berezi hartarako Iparragirreri buruzko konposizio bat egitea proposatu zion Gorka Hermosa herriko akordeoi jotzaile eta konpositoreari. Horrela sortu zuen Iparragirre 200 urte, Urretxutik mundura obra. «Iparragirreren eta nire obra ezagunenak uztartu nituen, bere hitzak erabiliz, nire bizitza kontatuz», azaldu du Hermosak.


Iparragirreren irudia, bere izena daraman Urretxuko kaleko muralaren aurrean. GORKA GOMEZ

Iparragirreren ibilbidea ezagutu duten herritarrek, musikari handia izan dela aitortu arren, gorabehera handiko pertsonaia bat izan dela diote. Hermosak, ordea, aitortu du Iparragirre miresten duela. «Gure musika, euskal musika herrikoia, mundu guztian zehar zabaldu zuen, eta leku guztietako influentziak ekarri zituen hona. Erromantizismoko figura erromantikoaren prototipoa da, bohemioa, kultura handikoa, eta garaiko ezaugarri guztiak betetzen zituena. Ez dira asko munduan gisa horretako oihartzuna lortu duten artista herrikoiak. Bere melodia indartsuekin, askoren bihotzetara heltzea lortu du. Orain, gainera, 200 urte beranduago, berari buruz ari gara hizketan».

 

Enrike Azurza: «Jenio bat izan zen Iparragirre; euskal folklorearen sortzaileetako bat, eta euskal kantu hilezkor askoren egilea»


Iparragirreren etxetik 150 metrotara jaio zen Hermosa, kale berean. «Ikastolarako joan-etorrietan, bere etxearen aurretik pasatzen nintzen, eta beti eduki dut zor handi bat bere musikarekin zerbait egiteko. Enkargu honi esker, posible izan da», nabarmendu du. «Ikuskizun honetan, baina, gitarraren ordez, akordeoia da instrumentu printzipala. Hala ere, paralelismo ugari topatzen ditut bion bizitzetan. Gure instrumentuari lotuta bizi izan gara, txikitatik joan gara herritik kanpora bizitzera, kanpoan egin dugu gure bizitza artistikoaren zati handi bat», gaineratu du urretxuarrak.


Iparragirre gogoratzeko egindako erraldoia, musikaria jaio zen etxearen aurrean. GOTZON ARANBURU

Ezberdina, orain arte ikusi gabekoa

Irailean estreinatu zuten Urretxutik mundura ikuskizuna, Donostiako Trinitate Plazan; aurrerago, Urretxun saio bat eskaintzekoak ziren, baina pandemiaren ondorioz, bertan behera utzi behar izan zuten. Aurten, ordea, jarraipena ematen ari zaie proiektuari, eta gaur, lehen aldiz ariko dira eskualdean. 19:00etan hasiko da saioa Leidor aretoan, eta Hermosarekin batera, Marina Pardo mezzosopranoa, Blanchard Strings orkestra eta Tolosako Hodeiertz abesbatza ariko dira oholtza gainean.

Gorka Hermosa: «Iparragirreren kantuen beste interpretazio bat izango da, bere musika beste ikuspuntu batetik ulertarazteko»


Donostiako estreinaldian, Easo abesbatzarekin aritu ziren Hermosa eta gainerako musikariak. Gaurkorako ordea, Hodeiertz abesbatzarekin batera aritzea, «aukera bikaina» iruditu zitzaion Hermosari. «Berezia eta interesgarria izango da Iparragirreren kantuak ikuspegi moderno batetik abestea. Gainera, ohore handia da Gorka bezalako musikari bertutetsu batekin kolaboratzea», azaldu du Enrike Azurza koruko zuzendari tolosarrak. Bere aldetik, Hermosak nabarmendu du «luxu bat eta gozamen hutsa» dela Enrike Azurzarekin lan egitea. «Aspalditik nuen gogoa Euskal Herriko abesbatzen panoraman garrantzi handiko pertsona batekin proiektu bat elkarbanatzeko».

Antolatzaileek aitortu dutenez, elkarlanean egindako prestaketa prozesua «oso aberasgarria» izan da, eta beraz, emaitza ere horrenbestekoa bada, oso pozik egongo direla aurreratu dute. «Ikuskizun ezberdin bat izango da, erakargarria, orain arte Leidorren eskaini ez dena», adierazi du tolosarrak.

Zazpi mugimendu eta Gernikaren hiru bertsio

Gaurko ikuskizunean, publikoak Iparragirre nor izan zen ezagutzeko «aukera ederra» izango duela aurreratu du Azurzak. «Jenio bat izan zen, euskal folklorearen sortzaileetako bat, eta euskal kantu hilezkor askoren egilea». Tolosa, gainera, herri garrantzitsua izan zen urretxuarraren bizitzan, eta beraz, zuzendariak argi du gaurkoa «erronka ezin aproposagoa» izango dela.

Obra ezberdinez gozatzeko aukera izango dute Leidorrera bertaratzen direnek. «Iparragirreren kantuen beste interpretazio bat izango da, gonbidatu ezin hobeekin landutakoa. Bere musikari buelta bat eman, eta beste ikuspuntu batetik ulertarazten saiatuko gara», adierazi du musikari urretxuarrak. Berak egin ditu ikuskizuneko abestien moldaketak. Aurreratu duenez, interpretazio klasikotik aldenduko badira ere, publikoak erraz antzemango ditu Iparragirreren kantuak.

Iparragirreren fazeta guztiak erakusten dira, hainbat mugimendutan banatuta. «Batetik, bere herriarekiko atxikimendua ikusiko dugu; bestetik, gitarra hartuta, han eta hemen nola ibili zen; ondoren, galtzaileen alderdian aritzea nola egokitu zitzaion; jarraian, umorerako zuen joera ezagutuko dugu; eta bere bikote Angelari eskainitako mugimenduan, euren arteko erlazioan eta maitasunean sakonduko dugu», azaldu du Hermosak.

Akaso, amaierako mugimendua izango da bereziena urretxuarrarentzat. «Gernikako bonbardaketari buruz sortu nuen kantua eta Iparragirreren Gernikako arbola uztartuko ditugu; bere Gernika, XIX. mendekoa, eta nirea, XX. mendekoa, bateratuko ditugu. XXI. mendeko Gernikak ere bere lekua izango du. Izan ere, Jon Maia bertsolariak errezitazio bat prestatu du, Gernikaren figura edo metaforaren inguruan, mende honetako euskal kulturarekiko begirada sakon batekin». Ikuskizuna borobiltzeko, Zibilak esan naute eta Gernikako arbola interpretatuko dituzte, era tradizionalagoan.

Kontzertuan zehar, gainera, Enrike Azurzaren anaia Davidek moldatutako kantu bat abestuko du Hodeiertz abesbatzak, musikarien laguntzarik gabe. «Iparragirreren testu batetik abiatuta, Tolosari buruzko kantu bat egin du, habanera erritmoan, eta estreinakoz abestuko dugu», esan du zuzendari tolosarrak. Estreinako aldia izango ez bada ere, kontzertu honek badu beste berezitasun bat, aspaldiko partez oholtzara itzuliko baita Hodeiertz. «Orain arte geldirik egon gara, entseatu ezinik. Oso urte zaila izan da, eta itxialdiaren ondoren, hau izango da eskainiko dugun lehen kontzertua. Ohore handia izateaz gain, presio apur bat ere izango dugu, ahotsak entrenatu gabe daudelako. Hala ere, pozik gaude, berriro ere elkarren ondoan kantuan aritzeko aukera dugu eta».

 

Urretxuko bizardun abila

Mila zortziehun eta hogeiko abuztuaren 12an jaio zen Joxe Mari Iparragirre Balerdi euskal abeslari, olerkari eta musikagilea, Urretxuko Kale Nagusiko Altzola etxean. 1833an, Lehen Karlistaldia piztu zenean, osabaren etxera ihes egin zuen, gurasoei ezer esan gabe. 1834an, karlisten gudari talde batean sartu zen, Gipuzkoako lehen batailoian, eta hurrengo urteetan, hainbat aldiz zauritu zen, gudu ezberdinetan.

40ko hamarkadan, Frantziara joan zen, eta jauntxo baten babesa izateaz gain, Caroline Duprez abeslariarekin jardun zuen musika eta kantua ikasten, horretarako zituen berezko dohainak jorratzen. 1848an, frantziar agintariek erbesteratu egin zuten, 1848ko iraultzen giro nahasian jendaurrean Marseillesa abestu zuelako. Europan barrena ibili ondoren, zigorrik gabe sorterrira itzultzea proposatu ziotenean, eta Madrilera joan zen. Bertako San Luis kafetegian abestu zuen lehen aldiz, 1853an, bezperan konposaturiko Gernikako Arbola.

1855ean, Euskal Herrira itzuli zenean, preso sartu zuten Tolosan, bere abestiek herriarengan pizten zuten sentimendu biziagatik. Kartzelan bertan, ama gogoan zuela, Nere amak baleki zortzikoa idatzi zuen. Berriz erbesteratu zen Espainiara, baina berriz itzuli zen Euskal Herrira. Orduan, Angela Kerexeta alegiarra ezagutu zuen. Beranduago, Argentinara alde egitea eta han berarekin ezkontzea proposatu zion Iparragirrek, eta zazpi seme-alaba izan zituzten: Benigno, Frantziska, Angela, Luzia, Juan, Felisa eta Dominga. «Angelak meritu ikaragarria izan zuen, zailtasunak zailtasun, familia aurrera ateratzea lortu zuelako», nabarmendu du Hermosak.

1877an, haren omenez antolatutako kontzertu bat aitzakia izanik, sorterrira itzuli zen. Gero, ordea, eskean ibili zen, inoren laguntzarik gabe, herriz herri kantuan arituz. Itsasoko baserri batean aurkitu zuen aterpea, harik eta 1881eko apirilaren 6an, euripean lo egin ondoren, pneumoniaz hil zen arte.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!