Tolosako Gizon Taldeak topaketak antolatu ditu

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 10a, 07:58
Hiruki Larrosa kolektiboko Ibai Fresnedok gidatuko du larunbat arratsaldeko tailerra

Larunbatean egun osoko topaketak egingo dira Tolosako kultur etxean eta Zerkausian. Astelehenean dokumental bat eskainiz itxiko dute egitaraua.

Tolosako Gizon Taldeak jardunaldiak antolatu ditu ekainaren 12 eta 14rako genero berdintasunaz eta inposatutako maskulinitateaz gogoeta egiteko. Gizon Taldeak antolatu ditu topaketak, Tolosako Udaleko Berdintasun sailarekin lankidetzan eta Tolosatzen eskola irekiaren barruan.

Bi urte daramatza martxan Tolosako Gizon Taldeak eta hiru astez behin egiten ditu bilerak. Topaketa hauekin ezagutzera eman nahi dute taldea eta maskulinitate ereduen inguruan kontzientziatu nahi dituzte gainerako gizonezkoak. Bide batez, Euskal Herriko gainerako gizonen taldeen bilgune izango da Tolosa, beste herrietan lanketa bera egiten ari diren taldeak gonbidatu baitituzte ekimenera.

Larunbatean egingo dira ekitaldi gehienak. Bi tailer antolatu dituzte. Goizean, kultur etxean egingo dena gizonezkoei bideratuta dago, eta aldiz arratsaldekoan, gizon eta emakumeek parte hartu ahal izango dute. Zerkausian egingo dira arratsaldeko ekitaldiak eta horma-irudi bat pintatzeaz gainera, Bigarren Hezkuntzako ikasleek gaiaren inguruan egin dituzten lanak erakutsiko dituzte. Topaketa hauekin amaitzeko, astelehenean, kultur etxean, El Circulo dokumentala eskainiko da eta ondoren solasaldia egingo dute inguratzen direnek.

Ekitaldietan parte hartzeko aurrez eman beharko da izena, 670 22 98 12 telefono zenbakian.

'GENERO BERDINTASUNA ETA INPOSATUTAKO MASKULINITATEAK' TOPAKETAK

Ekainak 12, larunbata

10:00 - 13:00. Kultur etxean gizonentzako tailerra gidatuko dute Asier Baglietto Gabilondok eta Jokin Beristain Lopez de Zubiriak. Gizonen zaurgarritasuna aldaketarako giltzarri izenburua eramango du tailerrak.

16:30 - 18:30. Hiruki Larroxa kolektiboko Ibai Fresnedok Zer eta nola egin dezakegu gizonek berdintasunerako bidean? tailerra gidatuko du Zerkausian.

19:00 Bertso saioa Amaia Agirre, Bixente Gorostidi eta Ekaitz Goikoetxea bertsolariekin.

Ekainak 14, astelehena

19:00. Maskulinitate eta gizon taldeen inguruko El Circulo Ivan Roizen eta Alvaro Prianteren dokumentala ikusi ahal izango da kultur etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!