Ia 4,9 milioi euro gehitu ditu udalak aurtengo aurrekontura

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko eka. 9a, 09:00

Ezohiko egoerari aurre egin eta proiektu estrategikoak garatzen jarraitzeko asmoa adierazi du udal gobernuak; erabaki gehiago ere hartu dituzte maiatzeko osoko bilkuran.

Maiatzean egin zen azken osoko bilkuran, 2020ko likidazioaren berri eman zuen udal gobernuak. Hasierako aurrekontua 27.375,195 eurokoa bazen ere, behin betikoa ia 8 milioi euro altuagoa izan zen: 35.324.691,20 eurokoa. Udaletik adierazi dutenez, pandemiak eragindako ondorioak arindu eta herritarren beharrei erantzuteko egindako kreditu aldaketek eragin zuten igoera hori.

Azkenean, Foru Funtsaren jaitsiera ez zen aurreikusi bezain handia izan: %10ekoa (aurreikuspena %17koa zen). «Udal baliabideak zuhurtziaz kudeatu dira eta kalitatezko zerbitzuak bermatu ahal izan zaizkie herritarrei; horri esker, udalaren egoera finantzarioa ona da, 15,5 milioi euroko gerakinarekin», adierazi dute udal gobernutik.

Likidazioa esku artean, hainbat kreditu aldaketa egin dira. Bilkuran onartu ziren batzuk, eta aldi berean, beste batzuen berri eman zuen udal gobernuak. Ondorioz, ia 4,9 milioi euroko aurrekontu gehigarria onartu zen, ezohiko egoerari aurre egiten jarraitu eta aurreikusitako proiektu estrategikoak eta hirigintza lanak garatzeko.

Ander Figuerido EH Bilduko zinegotziak, 2020ko aurrekontuaren %65 bakarrik exekutatu dela salatu zuen. «Ekitaldirik gogorrenean, inbertsioa gutxitu da. Udalaren altxortegia bete duzue, tolosarron beharretara bideratu ordez». Udal gobernuak kreditu aldaketak egiteko joera ere salatu zuen. «%27 puztu da aurrekontua; beraz, udal gobernuak osatzen dituen aurrekontuak ez dira errealak. Bestetik, aldebakartasunez eramaten dira aurrera hainbat gai, horietako batzuk, gainera, guk proposatutakoak».

Ekonomiarekin jarraituz, sektore kaltetuenak (turismoa eta ostalaritza) laguntzeko helburuarekin, aho batez onartu zen diru laguntza zuzenak emateko ordenantza. Guztira, 200.000 euro bideratuko ditu udalak. Ostalaritza establezimenduei 1.000 euroko diru laguntza emango zaie, eta kopuru horri 2.000 euro gehituko zaizkio, gehienez ere lau mahai dituzten establezimenduen kasuan. Turismo sektoreko jarduerek, berriz, 3.000 euroko laguntza izango dute.

ALOKAIRUAK, IRISGARRIAGO

Etxebizitza alorrean herritarrei aukera berriak eskaini eta erraztasunak emateko helburuarekin, udalak aurten martxan jarritako neurrien artean dago alokairu ordainketa errazten laguntzeko diru laguntza lerro berria. Laguntza horri, hasierako onarpena eman zitzaion bilkuran, aho batez.

18 eta 35 urte bitarteko gazteei eta behar bereziak dituzten herritar eta familiei zuzendutako laguntzak dira. Horiek jasotzeko irizpideak eta etxebizitzek bete beharreko baldintzak jasotzen ditu ordenantzak. Gehienez ere, 250 euroko laguntza jasoko da hilean. Hala ere, eta Alde Zaharra biziberritzeko nahiarekin, etxebizitza bertan kokatuta badago, 300 eurokoa izango da laguntza. Ordenantza behin betikoz onartzen denean egingo da deialdia.

Ordenantza onartzea «lorpen handia» izango litzatekeela adierazi zuen Xabier Balerdi EAJ alderdiko zinegotziak. «Beste urrats bat eman dugu etxebizitza politikan, eta honi esker, emantzipatzeko aukerak errazten dizkiegu kolektibo ezberdinei». Oposizioak ere begi onez ikusten du ordenantza. «Funtsezkoa da etxebizitza hutsak merkaturatzeko plana egitea eta merkatu libreko etxebizitzen gehiegizko prezioak kontrolatzeko neurriak aztertzea», esan zuen Andu Martinez de Rituerto EH Bilduko zinegotziak.

Azkenik, etxez etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen erregelamendu berriari esker, herritarrei eskainitako zerbitzua hobetuko du udalak. Urteko 365 egunetan eskainiko da arreta eta zerbitzua beste kolektibo batzuetara zabalduko da. Era berean, hobekuntzak txertatu dira langileen lan baldintzetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!