Igoera lortu ez arren, gustura egindakoarekin

Imanol Garcia Landa 2021eko ekainaren 9a

Redline Mekanika TAKE azken unera arte egon da igoera lortzeko aukerekin, «oso gogorra» izan den denboraldian.

Azkenean ez du saskibaloiko Redline Mekanika TAKE taldeak igoera lortu, Leioaren aurkako igoera faseko azken partida galdu ondoren. «Oso partida borrokatua izan zen eta hiru punturengatik galdu genuen», esan du Goar Artetxe entrenatzaileak. «Aho zapore on batekin ezin izan dugu bukatu denboraldia, baina kontentu gaude egindako urtearekin».

Igoera fasea oso berdindua eta borrokatua izan da, eta nahiz eta Leioaren aurka azken partida irabazi, ez zuten ziurtatuta mailaz igotzea. Azkenean Leioa eta Getxo izan dira igoera lortu dutenak. «Lau talderen artean igoera fasean izan dugun lehiakortasun hori polita izan da eta ikasteko balio izan digu bai guri bai eta gure jokalariei», dio Artetxek.

Klubaren helburua ez zen igoera lortzea. «Helburu hori izan bagenu eta lortu gabe geratzea, pena izango litzateke, baina ez genuen helburu hori», esan du entrenatzaileak. Denboraldia «oso gogorra» izan dela gaineratu du. Aurreko urtean lau hilabetez jokatu gabe egon ziren jokalariak eta horregatik abuztu hasieran ekin zioten denboraldia prestatzeari, inoiz baino lehenago. «Azkenean hamar hilabete izan dira, eta horrelako denboraldi ezohikoan, normala den moduan, jokalariak bai mentalki eta bai fisikoki ere pixka bat mugan iritsi dira», esan du Artetxek.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!