Perkusioaren barrunbeak herritarrei erakusteko

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko eka. 8a, 18:00

13-17 urte bitarteko musikariekin osatutako Perkusix perkusio taldeak, kontzertu bana eskainiko du Tolosan eta Beasainen, ostiralean eta astelehenean.

2019an, Tolosako eta Beasaingo musika eskolen elkarlanari esker, Perkuseven perkusio taldea sortu zuten eskola horietako zazpi ikaslek. Beasaingo Oier Gibelalde, Ander Zubeldia eta Axier Olano, eta Tolosako Manex Gorostegi, Bittor Arostegi, Unai Aristi eta Jon Martinez ziren orduan taldeko kideak. Azken biek, ordea, taldea uztea erabaki zuten, eta haien ordez, Mario Goikoetxea tolosarra sartu zen. Orain, bera da guztietan gazteena. 13 urte ditu; gainerakoek, berriz, 16 edo 17 dituzte.

Kide aldaketek, izena aldatu beharra ekarri zioten taldeari; Perkusix izatera igaro zen. Horrek, ordea, ez zuen gehiegi eragin taldearen dinamikan, eta sortu zen urte bereko Santa Zezilia egunean egin zuten debuta. Tolosako musika talde gehiagoren saioekin batera osatu zuten Leidorreko egitaraua. Gerora, Beasainen ere egin zituzten kontzertu batzuk, baina pandemiaren eraginez, guztia geratu behar izan zuten iaz.

Orain, ordea, bueltan dira, eta etxean ariko dira berriz. Etzi, ostirala, Beasaingo Erauskin Plazan joko dute, 20:00etan hasita. Hilaren 14an (astelehena), berriz, Tolosako Zerkausian eskainiko dute kontzertua, 19:00etan hasita. Tolosak eta perkusioak, gainera, badute lotura berezia. Asko dira goi mailan aritzea lortu duten puntako perkusio-jotzaile tolosarrak, besteak beste, Euskadiko Orkestra Sinfonikoan aritutako Jose Carrera, eta gaur egun dabiltzan Xabier Peña eta Igor Arostegi, Nafarroako Orkestra Sinfonikoan dabilen Javier Odriozola, hainbat taldetan dabilen Iraide Ansorena, eta Jesus Mari Garmendia.

30 instrumentu ezberdin

Hain justu, beste tolosar bat da Perkusix taldeko zuzendaria: Karlos Alcala. Ikasle horien irakasle izan da Tolosako nahiz Beasaingo musika eskoletan, bakarka, baina kasu honetan, seiko taldean hezten ditu. Arrazoi askorengatik, kontzertuak “oso bereziak” izango direla aurreratu du. “Etxean joko dute, batzuentzat azken saioak izango dira, eta aldi berean, bai Beasainen, baita Tolosan ere, lehen aldiz egingo da perkusio talde baten kontzertu bat aire librean. Musika eskoletan bai, baina kalean inoiz ez da horrelakorik antolatu”, azaldu du.

Askotariko melodiez, erritmoez eta instrumentuz gozatzeko aukera izango dela aurreratu du Alcalak. “Guztira, 30 instrumentu ezberdin erabiliko ditugu. Obrei dagokienez, denetik izango da: afrikarrak, etnikoak, perkusio klasikoa, gorputzeko atalekin sortutakoa... gehienak seikotean, baina badira laukotean jo beharrekoak ere”. Hain justu, Four for four izango da laukotean joko duten kantuetako bat. “Perkusioaren errepertorioan, obra garrantzitsuena izango da, mundu osoan jotzen baita. Erritmo aldaketa handiak ditu eta indar handikoa da, ikusleak inpresionatzeko modukoa”, azaldu du zuzendariak.

Danbor bat baino gehiago

Bi helburu nagusi ditu buruan Alcalak. “Batetik, proiektuaren helburua dago, formakuntza alegia. Bestetik, berriz, kontzertuaren helburua: perkusioak duen aniztasuna publikoki erakustea, herritarrei instrumentu familia hau gerturatzea, tresnak eta interpreteak begien aurrean jartzea. Guztiok dakigu zer den biolin edo piano bat, baina perkusioa beti geratzen da ezkutuan, askok uste dutelako danbor bat besterik ez dela. Baina ez da horrela”.

Ez da ikasturte erraza izan taldearentzat. Apirilean, positibo bat tarteko, ezin izan zuten Bilboko lehiaketa batean jo. Hala ere, gogotsu eta ilusioz gainezka itzuli dira entseguetara. “Kide batzuek azken ikasturtea burutu dute musika eskolan zein taldean, eta beraz, ziklo bati amaiera emateko aukera bikaina izango dute kontzertu hauetan”, esan du Alcalak. Gerora, hala ere, Perkusixen filosofiari eusteko asmoa du, ikasle berrien eskutik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!