Erreportajea

Kirol saltsaren erregea

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2021ko eka. 8a, 07:59
1956an Real-Athletic futbol partida sutearen ondorengo inaugurazioan, Tolosa CFko lehendakari zela.

Shanti Zurutuza Tolosako kirolaren protagonista nagusietakoa izan zen aurreko mendeko bigarren erdialdean; Tolosa CFko lehendakari, futbol entrenatzaile eta masajista izan zen, besteak beste.

Tolosaldean kirol askotan lan handia egin zuen pertsonaia da Shanti Zurutuza Rezola (Ataun 1910-Tolosa 1988). Tolosa CFn lehendakari eta zuzendaritzako kide hainbat alditan, futbol entrenatzaile, masajista eta prestatzaile fisikoa futbolean, pilotan eta herri kiroletan, boxeolaria, estropadetan epaile, ehiztaria… baina baita dantzari eta tango abeslari ona. Bere garairako gizon aurreratua eta ekintzailea, beti laguntzeko prest zegoena. 

Ataungo San Gregorio auzoan jaio zen 1910eko uztailaren 25ean, horregatik jarriko zioten izen hori. Zortzi senide ziren. Bere arreba zaharrena, Ceferina, Lucio Ibarrolabururekin ezkondu zen eta Tolosan ile-apaindegia zuten, Poca parrokia bezala ezaguna zena. Haren bidez etorri ziren bi anai Ataundik Tolosara. Lucio eta Ceferinaren alaba, Esther, Ainhoa Arteta soprano ezagunaren ama zen, horregatik Shanti Zurutuza bere aita-pontekoa izan zen, eta Ainhoa ilobak bere hiletan (1988ko uztailaren 9an hil zen) abestu zion hain gustukoa zuen Haurtxo txikia kanta.


Txaramako Eugenia Izagirre Guerra neskame zen Poca parrokia familiaren etxean, han ezagutu zuen eta ezkondu egin ziren. Bi seme izan zituzten: Javier eta Angel Mari, biak aski ezagunak, lehena musikari eta kronista gisa eta bigarrena, Shanti kirol dendako arduradun gisa. Josepa arrebak taberna zuen zezen plaza inguruan, gero Caminos taberna izan zena (gaur egun Izarpe taberna dagoen tokian, gutxi gora behera), baina ez zuen funtzionatzen eta ahizpa zaharrenak hara bidali zuen Shanti laguntzera, ezkonberritan. Tabernaren atzeko patioan ilea moztu eta zinema eskaintzen omen zuen. Handik urte batzuetara, 1953an, Rondilla kaleko 13 zenbakira pasatu zen Shanti taberna, aurretik Maria-enea taberna eta pentsioa izan zen lekura. Handik gutxira, urte bereko urrian, uholdeak izan ziren Tolosan, kalte ugari sortuz, batez ere Rondilla kalean. 

Gaztetan boxeolaria izan zen Shanti Zurutuza, «baina bere teknikari esker irabazten zuen borrokaldietan galtzaileak baino okerrago bukatzen zuen, indarrik ez zuelako», Javier semeak aipatzen duenez. Horregatik utzi omen zuen. Baina zaletasuna mantendu zuen eta Belate auzoan Ataun izeneko gimnasioa jarri zuen beste boxeozale batzuekin batera. 

Bihotzeko Tolosa CF
«Saltsa guztietan ibiltzen zen, ez zen geldirik egoten, eta denetarako balio zuen», gogoratzen du Miguel Izagirrek, Tolosa CFko presidentea izan zenak. Herriko futbol taldea izan zen Shantiren kuttunena. Lehendakari, entrenatzaile eta masajista izan zen bertan hainbat urtetan. Presidente zela, bi gertakari txar tokatu zitzaizkion: 1953ko urriaren  14ko uholdeak eta Berazubiko tribuna erretzea 1955eko abuztuaren 11n. Kalteei aurre egiteko, lan ugari egin behar izan zuten Shantik eta bere zuzendaritzakoek. Askotan, futbol partiduen epaileei tabernako kutxatik ordaintzen ziela gogoratzen du familiak. Lehendakari zen garaian, Real Madrid Donostiara Realaren kontra jokatzera etortzen zenean, egun batzuk lehenago Berazubin entrenatzen zuen eta Tolosan festa eguna bezala izaten zela gogoratzen dute zaharrenek. Tolosa CFk izan zituen bi zoritxar horietan Real Madrid oso ondo portatu zen, diru dezenteko giro postala bidali baitzion Zurutuzari.     

«Titulu nazionala Gipuzkoan izan zuen lehen entrenatzailea izan zen aita», gogoratzen du Javier semeak. Eta Legazpiko Ilintxa eta Tolosako erregional mailako taldeak entrenatu zituen, besteak beste, «baina ez zuen asko iraun, konpromisorik ez zuelako hartu nahi, ehiztaria izanik ehizara alde egiten zuelako tarteka», seinalatzen du Angel Mari semeak. 

Gipuzkoako Futbol Federazioko zuzendaritza taldean ere parte hartu zuen. Futbolaren atalarekin bukatzeko, hainbat txapelketa antolatu zituela ere aipatu behar da. Horregatik bere bi semeek bide hori jarraitu zuten haurrentzako Shanti Torneoa antolatuz, 30 urte baino gehiago bete dituena, gaur egun talde baten ardurapean. 

Masajistarik «onena»
Masajeak ematen ere oso ezagun egin zen gure gaurko protagonista. «Soldaduskan ikasi zuen, sendagile katalan bati praktikante gisa laguntzen, nahiz eta orduan medikuek masajeak ez gomendatu»”, dio Angel Mari semeak. Urte askotan aritu zen futbolari, pilotari eta herri kirolari askori masajeak ematen eta fisikoki prestatzen. Eta berak erakutsi omen zien lanbide hori Roberto Jauregiri eta Zuaznabarri. «Munduko masajistarik onena zen. Ez zuelako kobratzen», aipatzen du seme gazteenak. Gehienez, tarteka oilasko edo arrautza batzuk jasotzen omen zituen lan horiengatik. «Behin Elgoibarko futbolari baten aita armagileak neurrira egindako eskopeta bat oparitu zion, semeari bizkarrean egindako lesioa oso ondo sendatu ziolako. Eskopeta ederra da. Gordeta daukat», aipatzen du Javi Zurutuzak. 

Futbolzalea izanik, eta Tolosa CFrekin zuen harremana kontuan hartuta, ostegun askotan joaten zen Berazubira masajeak ematera, eta gero partidetan ere aritzen zen laguntzen. Baina beharbada herri kiroletan nabarmendu zen gehien zeregin honetan. Batik bat, Patxi Astibia aizkolari leitzarrarekin eta Arruitzeko Txikito korrikalariarekin aritu zen, baina beste herri kirolari askori eman zien masajea: Iruntxiberri eta Irazu korrikalariak, Zeberio aizkolari ataundarra, Mendizabal harri-jasotzaile eta aizkolari adunarra, Perurena harri-jasotzaile leitzarra… Eta pilotariekin ere aritu zen: Tximela, Pierola eta Aranzabe, besteak beste. Eta Veletako arraunlariei ere ematen omen zizkien masajeak. 

Gehien ibili zen herri kirolaria Astibia aizkolaria izan zen, berarekin udan herriko jaietan egiten zituen erakustaldietan izaten zen masajeak ematen, epaile gisa, prestatzaile fisiko modura… Kirol hau ezagutzera eman zuen Espainia osoan TVEko La unión hace la fuerza programak 1964-65 denboraldian. Probintzien arteko lehiaketa bat zen, bost intelektual eta kirolari batek osatutako taldeak parte hartuz. Kulturako galderetan huts egiten zutenean, espezialitate desberdinetako kirolariaren txanda hasten zen. Nafarroaren izenean, Patxi Astibia aritu zen, eta bere lana zen minutu batean enbor bat moztea. Sekulako arrakasta izan omen zuen programak eta jende askok orduan ezagutu omen zuen aizkolarien jarduna. «Ikusmin handia sortu zuen, baina nork zuen orduan telebista? Ia inork ez. Shantik bere tabernan jarri zuen lehena, berak laguntzen zuen Astibiaren programa hura ikusteko. Sekulako jendetza biltzen zen programa zenean», oroitzen du Javierrek. Astibia omen zen fidatzen zen herri kirolari bakarra, apustuen mundu maltzur horretan zintzo jokatzen zuelako.  

Arruitzeko Txikito korrikalaria Lasarteko hipodromora eraman omen zuen, nazioarteko kroserako entrenatzen zutenak harrituta utziz. Parte hartzen ez zioten utzi, «profesionala» zelako, baina Gordon Pirie Ingalaterrako txapeldunarekin apustu bat lotu zuen. Txikitok eta Miguel Aldatz gipuzkoarrak irabazi zioten ingelesari 1961ean Donostiako Txofre zezen plazan 10.000 metroko lehian. 


Baina boxeoaz, futbolaz eta masajeaz aparte, beste saltsa askotan ibili zen gure pertsonaia: ehiztari bezala Monteskura askotan joaten zen Inaxio anaiarekin eta ehiztarien elkarteko lehendakaria izan zen; Orian sanjoanetan egiten ziren batel estropadetan irteera pistolaz ematen zuen epailea zen; dantza egitea eta tangoak abestea zuen gustuko; jaialdiak antolatu zituen Gorriti antzokian (Antonio Machin, besteak beste); zekorketetan Juanito Loperekin parte hartu zuen askotan… 

Taberna, kirolzale guztien erdigunea
Eta saltsa horien erdigunea Shanti taberna zen, noski. Eugenia emaztea arduratzen zen sukaldeaz eta hainbat zerbitzari aritu zen bertan lanean bi semeekin batera. Tertulia ugari egiten ziren hango barran ehizaz, futbolaz eta beste hainbat kontuz. Eta astebururo kirol emaitzak jartzen zituen bertako arbelean: futbola, txirrindularitza... eta soldaduskara joateko zozketaren emaitza ere bai. Shantik eta kuadrillak ehizatutako basurdea ere bertan ikusgai eduki zuten, guztien harridurarako. Ehizatutako animalia disekatuak ere izaten zituen bertan. Eta peña ugarik zuten bertan biltokia: Ferraz (txirrindularia), Maguregi (futbolaria), Rayo, Karramarro, Urdiña txiki (gero elkartea sortu zuten), Periko Alonso … Orkestina bat ere jartzen omen zuen igandeetan, jendeak dantza egiteko. «Kirolen batean txapelaren bat irabazten zuten herriko talde guztiek bazekiten txanpan botila zutela doan Shanti tabernan», esaten du Angel Marik. 
Tabernaren gainean zuen familiak bizilekua eta apopiloak ere izaten zituzten etxean jaten eta lotan: telefonistak, irakasleak eta bestelako langileak. Garai hartan Madril-Irun errepide nagusia Rondilla kaletik pasatzen zenez, pasarte ugari bizitu zituzten tabernan: aberiarengatik bertan egun batzuk pasatu zituen familia musulmana, Francoren emaztearentzat freskagarri eske etorri zen txofer ofiziala…

Tabernaren kontrako atentatua
Rondilla kaleko taberna famatuenak egin zituen 53 urtetan zehar (2005ean itxi zuten), gertaera tamalgarri garrantzitsua bizitu zuten 1979ko maiatzaren 5eko goizaldean: bonba jarri zuten bertan, kalte ugari eraginez tabernan eta etxebizitzan, kalte pertsonalik izan gabe, zorionez. Urte gatazkatsuak izan ziren eta manifestazio ugari egiten ziren Tolosan. «Hurrengo egunean telebistan esan zuten bonba manifestazioak antolatzen ziren tabernan jarri zutela, baina hori gezurra da, han denetatik ibiltzen zen, adin, pentsaera eta klase guztietakoa», diote Zurutuzatarrek.  Accion Nacional Española talde ultraeskuindarrak errebindikatu zuen atentatua. Udalak eta alderdi politiko guztiek ekintza gaitzetsi zuten eta herritar talde batek Shanti tabernaren aldeko musika jaialdia antolatu zuen zezen plazan. Han bildutakoarekin eta jendeak emandakoarekin taberna berritu eta berriz zabaldu ahal izan zuten. Shanti Zurutuza adinez aurrera zihoan eta Javier semeak hartu zuen ardura, 2005ean San Inazio egunean itxi zen arte. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!