Tolosaldeko ospitale publikoa

Gotzone Sagarduik etorkizuneko ospitalearen kokagunea bisitatu du

Ataria 2021ko eka. 7a, 17:26

Iruña etorbideko kamioien aparkalekuan izan da Osasun sailburua, Tolosako alkatearekin eta udal zinegotziekin batera; lehen eskutik ezagutu du etorkizuneko ospitalearen kokagunea.

Etorkizunean eskualdeko ospitalearen kokagunea izango den eremua bisitatu du, gaur, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak; Olatz Peon Tolosako alkatea, Tolosako Udaleko hainbat zinegotzi eta Osasun Saileko hainbat ordezkari izan dira eskualdeko ospitalea eraikiko den eremuan, Iruña etorbideko kamioien aparkalekuan alegia. "Elkarrekin eta lehen eskutik gunea ezagutzeko aukera izan dugu", adierazi du Peonek.

Alkateak balioan jarri nahi izan du orain ematen ari diren urratsak "oso garrantzitsuak" direla, eta guztiak "elkarlanean" ematen ari direla. Kokagune onena erabakitzeko azterketaren ondorioen berri eman zuten pasa den astean. Gaur, berriz, beste aurrerapauso bat emango dutela aurreratu du: "HAPO-ren azterketa martxan jarriko dugu".

Sagarduik, bestetik, gaurkoarekin "urrats handia" eman dutela aitortu du. "Lekurik egokiena ezagutu dugu, eta orain tramite guztiak burutzen hasiko gara”. Une honetan, Osasun Saila eta Osakidetza zentro berriaren hornidura zehazteko plan funtzionala garatzen ari dira, inguruko biztanleei asistentzia sanitarioa hobetzen jarraitzeko. ”Laster, Tolosaldearentzat hain garrantzitsua den proiektua bermatuko dugu. Plan funtzional horren arabera erabakiko da ospitalea nola eraikiko den, zein itxura izango duen eta nola banatuko diren bertako espazioak. Horretarako, urtea bukatu aurretik jarri nahi dugu martxan lizitazioa".

Asuncion klinikaren egoerari buruz galdetuta, sailburuak adierazi du osasun publikoak eta osasun pribatuak "bermatzen dutela" osasun sistema EAEn, eta beraz, "guztiontzako eremuak izango ditugu proiektu honi esker". Asteazkenean, halaber, bilera izango du Tolosaldeko Alkateen Mugimenduko kideekin. "Alkateek eta sailburuek izaten ditugun bileratan bezala, elkarren ideiak eta iritziak partekatu. Beraien sentipenak eta nahiak helaraziko dizkidatelakoan nago, eta nik pozez entzungo diet".

Bisitaren aurretik, sailburuak eta alkateak bilera egin dute udaletxean, zentro berria egiteko konpromisoa berresteko eta zonaldeko asistentzia-zerbitzua hobetzeko hurrengo urratsak zehazteko. Horrez gain, udalerrian Osakidetzaren etorkizuneko ospitalea gauzatzeko lankidetzan jarraitzeko konpromisoa berretsi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!