Donostiako epaitegi batek Tolosako Udala zigortu du, hiru udaltzain plaza legez kanpo esleitzeagatik, eta plaza horiek, ”ahalik eta azkarren eta tresna egokien bidez” erregularizatzeko exijitu dio. Honako hauek izan ziren irregularki izendatu ziren plazak: ofiziala, ofizialordea eta Herri Segurtasuneko eta Udaltzaingoko Saileko trafikoko agente koordinatzailea.
Epaiak, Tolosako Udalaren aurka aurkeztutako demanda jasotzen du, hiru agenteak euren postuetan mantentzeko ‘egitate bidea’ erabiltzeagatik; alderdi demandatuaren ustez, azken urteotan irregularki ari ziren betetzen postuak. ‘Egitate bidea’ termino juridikoak honakoa dio: "Administrazioaren jarduna eskumenetik kanpo eta legez ezarritako prozeduraren erregelak alde batera utzita egin dela”; kasu honetan, beraz, plazen esleipena legezko bideak jarraitu gabe egin zela.
Ofizial eta ofizialorde lanpostuak duela 14 urte esleitu ziren zerbitzu-eginkizunen bidez; koordinatzaile lanpostua, berriz, duela 9 urte, behin-behineko lanpostu huts gisa. Legearen arabera, komisio bidez betetzen den lanpostu publiko bat aldi baterako eta salbuespen gisa sortzen da, eta gehienez ere urtebeterako. Auzi-jartzaileak adierazi duenez, "deialdi edo eskaintza publikorik egin gabe eta merezimendu- eta gaitasun-berdintasunaren printzipioak errespetatu gabe” egin zen bere izendapena. Hori dela eta, "izendapenak baliogabetzeko eta lanpostu horiek betetzeko oposizio-lehiaketaren hautaketa-prozesua berehala deitzeko” eskatu zuen, “barne-sustapenaren bidez”.
Udalaren erantzuna
Bestalde, Udalak onartu egin du plazak betetzearen modua, baina "egia ez izatea" argudiatu du, "barne-sustapenari edo deialdi publiko bati ihes egin nahi izan diotelako". Ildo horretan, barne programa bat aipatu zuten; horren bidez, udalak errekurtso bat aurkeztu zuen zerbitzu-eginkizunetan dauden lanpostuak betetzeko borondatea adierazteko, baina "ez zuten inpugnatu". Hori dela eta, euren ustez, plaza horietan “ez dago egitatezko biderik”, eta udalak “lanpostu horiek betetzeko sistema erabakitzeko ahalmena" duela esan dute.
Tolosako Udaleko udaltzaingoko hiru lanpostu, legez kanpo esleituak izan zirenaren gaineko epaia argitaratu ondoren, Tolosako Udalak ondorengoa argitu eta jakinarazi nahi du:
- Udaltzaingoaren ofizial buru eta ofizialordearen lanpostuak azken urteetan zerbitzu eginkizunetan bete izan dira.
- Urte guzti hauetan egoera hau mantendu egin da, alderdi politiko ezberdinetako agintariak izan badira ere Tolosako udalean.
- Epaiak duela 14 eta 9 urte esleitutako lanpostuei egiten die erreferentzia eta legealdi honetan eman dira pausoak egoera legeztatzeko, Lanpostuen Egonkortze Planaren bitartez.
- Udal gobernu honek epaia argitaratu aurretik egoera erregularizatzeko urratsak emanak zituen. Alde batetik, ofizialordearen deialdia legez hornitzeko deialdia argitaratzear da (duela bi aste premiaz betetzeko deialdia argitaratu zen) eta bestetik, agente koordinatzailearen lanpostua berrantolaketa prozesu batean murgilduta dagoen lanpostu bat da. Modu berean, ofizialaren lanpostuaren deialdia uda partean argitaratzea da asmoa.
- Tolosako udal-gobernuak urte luze hauetan lanpostu horietan jardun duten profesionalei bere eskertzarik beroena eskaini nahi die, erakutsi duten profesionaltasunagatik eta Tolosako herritarren segurtasuna eta ongizatea hobetzen laguntzeagatik.
Donostiako Administraziorako Auzien 1 zenbakiko Epaitegiko epaileak epaian jasotzen duenez, “udalak ez du zalantzan jartzen izendapenak deialdi edo eskaintza publikoaren prozedura jarraitu gabe egin zirela", eta beraz, "egitate-bidearen kasua gertatzen dela”, eta uste du “administrazioak hura amaitutzat eman behar duela". Ildo horretan, plaza horien esleipena baliogabetu du, eta adierazi du udalari dagokiola "ahalik eta lasterren plaza horien esleipena tresna egokien bidez erregularizatzea”.