Martxan da Leidorreko zinema saioetarako bonu kanpaina berria

Ataria 2021eko ekainaren 4a

Hiru motatako bonuak erosteko aukera dute tolosarrek, eta horiek, abenduaren 31 baino lehen erabili beharko dira.

Jada martxan da Leidor aretoan eskaintzen diren zine emanaldietarako bonuen kanpaina. Orain arte bezala, 10, 20 eta 30 saiotarako bonuak jarri dituzte salgai, abenduaren 31ra bitarte erabili ahal izango dira, eta erabiltzaile bakoitzak erabakitzen du zein kantitatetako bonua erosi.

Bonuen salerosketarako sistema errazteko helburuarekin, web-orri berri bat sortu da, Kutxabanken sarreren salmenten webgunean. Bertan, bonuak erosteaz gain, sarrerak ere eros daitezke; bonuak sarrerengatik trukatzeko aukera ere eskaintzen da, Leidorreko leihatilatik igaro beharrik gabe. Zinema saioetarako ez ezik, Leidorren eskaintzen diren gainerako ikuskizunetarako sarrerak eskuratu daitezke web-orri horretan. Halaber, Leidorreko leihatilan ere eros daitezke bonuak eta sarrerak.

Iazko udazkenean jarri zuten martxan bonuak erosteko sistema berria, eta oraindik egonkortze zein egokitzapen lanetan ari dira, herritarrei ahalik eta eskaintza onena emateko helburuarekin. Sistema berria martxan jarri zenetik egon diren gorabeherak tarteko, eta bonuen iraungitze dataz jabetu gabeko hainbat herritar dagoela jakinik, salbuespen modura, apirilean eta maiatzean bonuak erosi eta agortu ez dituzten herritarrei, erabiltzeke dituzten sarrerengatik gonbidapenak ematea erabaki du udalak, kanpainak iraun bitartean erabili ditzaten; Leidorreko leihatilan jaso beharko dira gonbidapen horiek.

Bestalde, Tolosako Udalaren arte eszeniko eta musika egitarauan biltzen diren ikuskizunetarako, oraingo Eszena Bonuen iraungitze data ekainak 30a izango dela gogorarazi dute, ekainaren 30etik aurrera, beraz, ez dute baliorik izango. Irailean jarriko dira berriz salgai urte amaierara arte balioko duten Eszena Bonuak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!