«Babes osoa» adierazi diote erasotutako emakumeari

Ataria 2021eko ekainaren 3a

Dozenaka herritar elkartu dira Trianguloa plazan, Tolosako Asanblada Feministak deitutako elkarretaratzean, larunbatean gertatutako eraso matxista salatzeko. 

Tolosako Asanblada Feministako kideek, «gogor» salatu dute larunbatean Tolosan gertatutako eraso matxista. «Titularrak eman eta eman jarraitzen du indarkeria matxistak. Kasu honetan, gainera, bertako lerroburu batean irakurri behar izan dugu albistea».

Gaurko elkarretaratzean, «babes osoa» helarazi nahi izan diote erasoa jasan duen emakumeari. «Nazkatuta gaude halakoak jasan behar izateaz, eta nazkatuta, nazkatuta gaudela errepikatzeaz. Baina hori da sistema kapitalista patriarkalaren zurrunbilo beltza, botere harremanetatik edan beharra. Menpeko eta menperatzaileen eskema horretan, indarkeria matxistak ez du mugarik», adierazi dute.

Horregatik, indarkeria matxistak, «lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala izaten jarraitzen duela» azpimarratu dute. «Erasoa beti delako isolatua, eta berriz ere, biktimaren jendartearen antolaketak mantentzen duelako zurrunbiloa bizirik». 

Errealitate hau «iraultzeko», eragile sozial, politiko eta instituzionalen ardura pertsonal eta kolektiboa «ezinbestekoa» dela aldarrikatu dute. «Hitzetatik praktiketara pasatzeko garaia da». Amaitzeko, gogora ekarri dute autodefentsarako «lanean» jarraituko dutela: «Feministok erantzuteko prest gaude!».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!