Hirugarren Mailari eutsi dio Tolosa CF-k

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 3a, 18:02

Gizonezkoen futbol talde nagusiak denboraldiko helburua lortu du. Mikel Arruabarrena entrenatzaileak azaldu duenez, "izugarrizko arrakasta da".

Atzeratutako partida jokatu zuen atzo Tolosa CF-k Berazubin Santurtziren aurka eta puntu bakarra behar zuten mailari eusteko. Partida zail batean bina berdinduz denboraldiko helburua lortu dute. "Oso kontentu gaude, urte oso osoa egin dugu, jokalariek sekulako denboraldia egin dute, eta guretzako oso zaila zen helburua bi jardunaldiren faltan lortu dugu", esan du Arruabarrenak. Santurtziren aurka 0-2 galtzen joan ziren, eta gero lortu zuten markagailua berdintzea tolosarrek. "Guk puntu bakarra behar genuen maila mantentzeko, eta beraientzat hil ala biziko partida zen", esan du Arruabarrenak. "Uste dut behar gehiagorekin atera zirela beraiek, eta gu pixka bat erlaxatuta. Gu bigarren zatian hobeto aritu ginen eta beraiek ordaindu egin zuten lehen zatian izan zuten intentsitatea".

Tolosa CF bigarren fase honetan jaitsiera ekiditeko multzoan jokatzen ari da, eta bigarren postuan dago 38 punturekin. Lehen lau sailkatuek mantentzen dute maila, eta bosgarrena, Santurtzi hain justu, bost puntutara dute. Hirugarren dago Aurrera 34 punturekin eta laugarren Durango 33 punturekin. Falta diren bi jardunaldietan Santurtzik eta Aurrerak elkarren aurka jokatu behar dutenez, bietako batek seguru ez duela Tolosa harrapatuko sailkapenean, eta horregatik lortu du Tolosak dagoeneko maila mantentzea.

Bigarren fasean "oso ondo" lehiatu direla esan du entrenatzaileak. Fasea hasterako pentsatzen zuten lau partida irabazita salbatuko zirela, eta jokatu dituzten zortzi partidetatik lau partida irabazi, bi berdindu eta bi galdu dituzte. "Mutilek bigarren fase oso ona egin dute, eta hori baloratu egin behar da, denboraldia oso gogorra delako, aurten sei talde jaisten direlako beste urtetan hiru izan direnean", zehaztu du Arruabarrenak. Orokorrean "futbol polita" egin dutela gaineratu du eta "behar izan den maila" eman dutela. "Mutilei eman behar zaie meritu guztia, beraiek izan direlako partidetan eta entrenamenduetan maila eman dutenak. Beraiek dira lanetik atera eta arratsaldeko zortzietan entrenamenduetara joan direnak astean hiru aldiz, eta hori dena baloratu egin behar da".

Lehen urtea egin du Arruabarrenak Tolosako talde nagusiaren entrenatzaile modura eta esperientzia "polita" izan dela esan du. "Nire lehenengo urtea izan da senior mailan eta asko ikasi dut. Jokalari bezala esperientzia asko pilatu dut, baina entrenatzaile bezala ere mundu honetan eskarmentua behar da". Emaitzei eta kirol mailari dagokionez uste zuena baino gehiago lortu dutela gaineratu du: "Mantentzea zen helburua, eta oso zaila zen, baina lortu dugu eta hori da lana ondo egin delako". Urduritasuna ere izan dela dio, eta jokalariekin hori kudeatzen asko ikasi duela azaldu du.

Datozen bi asteburutan jokatuko dituzte falta zaizkien bi jardunaldiak, baina helburua beteta dutela izango da hori. Ondoren, denboraldi luze eta gogor bat eta gero, gustura hartuko dute atsedenerako tartea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!