San Joan sua herritarrekin egingo da

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 3a, 14:10

Aurten ere Tolosako sanjoanak ez dira ohiko moduan ospatuko, eta "ekitaldi sinbolikoak" antolatu dituzte; Kuadrilla eguna ez da ospatuko eta udal korporazioa, musika banda eta eskopetariak ez dira kalera irtengo.

Pasa den urtean bezala, aurten ere osasun egoerak bultzatuta, San Joan jaiak ez dira ohiko moduan ospatuko Tolosan, udalak eta San Joan jaietan parte hartzen duten eragileek horrela erabakita. Hori bai, egun berezietarako, San Joan kutsuko ekitaldiez gozatzeko aukera izango dute herritarrek.

Olatz Peon Tolosako alkateak azaldu duenez, martxoan hasi zen udala eragileekin biltzen; "hasieratik argi izan dugu, aurten ere, ezinezkoa dela San Joan jaiak ospatzea". Gauzak horrela, ekitaldi "sinbolikoak" baino ez dira egingo, Andre Mari plazan eta Zezen Plazan "prebentzio eta segurtasun neurri guztiak zorrotz jarraituta".

Zein ekitaldi "sinboliko" mantendu eta zer eta nola antolatu lantzen aritu direla, eragileekin batera, esan du Peonek, "egoeraren jarraipena eginda eta unean uneko neurriak kontuan izanda". Hala, Kuadrilla eguna ez ospatzea eta San Joan Egunean udal korporazioa, Udal Musika Banda eta eskopetariak kalera ez irtetea erabaki dute, "oraindik orain, jende pilaketak ekidin behar direlako”. Tolosako alkateak gogoratu du une honetan "intzidentzia tasa altua" duela Tolosak, "oso pixkana jaisten ari da kutsatze tasa, eta horregatik, antolatu diren ekitaldi guztiak, eremu seguruan eta prebentzio neurriak zorrotz jarraituta antolatu dira”.

Mantentzea erabaki duten ekitaldien artean San Joan sua dago, eta iaz ez bezala, aurten herritarrek ere gerturatu ahalko dute Andre Mari plazara parte hartzera. "Argia ikusten hasi garen honetan, suari lotuta, gaitzak atzean utzi eta Tolosa biziberritzeko prozesuan, garrantzitsua iruditu zaigu San Joan sua herritarren parte hartzearekin egitea”. San Joan sua piztuko da Andre Mari plazan, San Joan bezperan, 22:30ean eta herritarrek plazara hurbiltzeko aukera izango dute. Plaza hesitu egingo da, sarrera-irteerak zehaztu eta tolosarrek plazara sartu, sura hurbildu, ofrenda egin edo erramua bota eta ateratzeko aukera izango dute. Pasa den urtean bezala laburra izango da, ez da ohiko eran egingo San Joan suaren piztea, eta ezingo da bertan sua ikusten geratu. Herritarrek sartu eta atera egin beharko dute, zirkuitu baten moduan, jende pilaketarik egon ez dadin.

Gainerakoan, musika protagonista izango da San Joan kontzertu bereziekin, Solstizio kontzertuarekin eta dianarekin. Josu Artutxa Tolosako Musika Bandako kideak bandak eskainiko dituen emanaldien berri eman du. Herriko eragileekin batera "zerbait berezia" egiten saiatu direla esan du. Hain justu, Musika Banda, Udaberri dantza taldea eta Hodeiertz abesbatzak elkarrekin eskainiko dute saioa, San Joan bezperan. "Urtero ikusten dugun emanaldiaz gain, bestelako elementuak ere ikusi ahalko dira, suarekin lotura dutenak".

San Joan Eguneko kontzertuari dagokionez, hori ere emanaldi berezia izango dela nabarmendu du: "Tolosako San Joan Eguna, goizean goizetik gauera arte zer den laburbiltzen saiatuko gara", esan du Artutxak. Kasu honetan, Txistulari Banda eta Udaberri dantza taldeak hartuko dute parte Musika Bandarekin batera. Bi kontzertu horiek zezen plazan egingo dituzte, eta bertara joateko gonbidapenak jaso beharko dira www.kulturaplaza.eus webguneko plataformaren bitartez. Eskuragarri egongo dira ekainaren 11tik aurrera. Guztira, 250 pertsonentzako edukiera izango dute zezen plazako emanaldiek. 

Udal ordezkariek eta eragileek "zuhurtziaz eta erantzunkidetasunez" jokatzeko deia egin diete tolosarrei. “Elkar zaintzeko eta erantzunkidetasunez jokatzen jarraitzeko garaia da” esan dute. “Oraindik  beharrezkoa da jende pilaketak ekiditea elkar zaintzeko, horregatik, azken ahalegina egiteko eskatzen diegu herritarrei; gozatu lagun artean eta familian, baina neurriak errespetatuz; guztiok gaude festa gogoz, elkarrekin egoteko eta gozatzeko grinaz, baina iritsiko dira horretarako egunak eta uneak”.

 

ANTOLATUTAKO EKITALDIAK

  • Ekainak 22, asteartea:
    Solstizio kontzertua. Urkizun. Sarrera mugatua. 19:00etan.
  • Ekainak 23, asteazkena, San Joan bezpera:
    Andre Mari elizan bezperak. 19:30ean.
    Udal Musika Banda, Udaberri dantza taldea eta Hodeiertz. Zezen plazan. 21:00etan.
    San Joan sua. Andre Mari plazan. 22:30ean. 
  • Ekainak 24, osteguna, San Joan Eguna:
    Diana Tolosako Dultzaineroekin eta Giro Arterekin. 09:00etan.
    Meza nagusia Andre Mari elizan. 11:00etan.
    Udal Musika Bandaren eta Txistulari Bandaren kontzertua Udaberri dantza taldearekin batera. Zezen plazan. 12:30ean.
    Andre Mari elizan konpletak. 16:00etan. 


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!