BABESTUTAKO EDUKIA

Malaga, non hobeto?

Erabiltzailearen aurpegia Mira Bidaiak 2021ko eka. 7a, 07:58

Kaixo! Ea oraingoan... nora animatu gintezke?

Ba oraingo honetan, Malagara (Andaluzia) joatea bururatu zait, asko gustatzen zaidan hiri bat da, eta egiteko asko eskaintzen duena gainera.

Esan ba, nola, noiz eta zer egin genezake bertan?

Ba hara joateko Bilbotik ia egunero hegaldi zuzenak daude, eguntxo batzuk bertan igarotzeko aukera ona da, horrenbestez.

Azken urte hauetan eraldaketa nabarmena jaso duen hiriburua da. Konbinaketa ugari ditu: eraikuntza garaikideak, Alde Zaharreko harrizko kale eta inguruak, erromatar garaiko antzokia eta hondartzaz gozatzeko aukera eskaintzen duen hiria da Malaga. Hortaz, plan konbinaketa bat egiteko asmoz bazabiltza, Malaga primerako aukera da.


Zentroan bertan gera gintezke eguntxo batzuk igarotzen. Handik oinez leku gehienetara joateko aukera dago; Merced izeneko plaza abiapuntu bezala hartuta, Granada kalera jaitsiz gero, ohiko kafetegi, jatetxe eta denda dezente topa ditzakezu. Inguru honetatik gertu El Pimpi izeneko upeltegi ospetsua ere badago, hara joatea nahitaezkoa da, bai ardo-goxo bat hartzeko baita mokadutxo bat hartzeko ere. Izan ere, handik pasa diren ospe handiko pertsonaien argazkiak behatzea bezalakorik ez dago.

Eta eguzki pixka bat hartu eta atseden premia baldin badugu?

Ba handik ez oso urrun, Merced plazatik beherantz, tunel bat igaro eta Malagako Alkazabaren azpitik pasako gara, erromatarren antzokia alde batean utziz eta katedrala bestaldean geratuko da; Malageta izeneko auzora iritsiko gara, eta han hondartza daukagu, baita zezen plaza ospetsua ere, erdi-erdian.

Hango hondartza gainera ez da hain turistikoa eta bertako jendea izaten da batik bat, oso ondo dago.

Iluntzean atseden hartzera joan baino lehen berriz ere zentro aldean, ohiko xarmaz beteriko lokal mordoa dago, baita hainbat terrazatxo ere, bertako jan tipikoak eskaintzen dute: arraintxo frijituak (espetoak deiturikoak), Kamperotxoak edo baratxuri zuri izeneko zopa modukoak. Katedralaren inguruan teteria batzuk ere badaude, arabiar estilokoak eta bertan arratsalde-pasa lasai bat igarotzeko oso gomendagarriak dira.



Deskantsatu dugu eta energiaz josirik gaudenez, nora joango gara azkenik?

Ba Malaga hiriburutik gertu, Caminito del Rey bisitatzea gomendagarria da oso, egun osorako; ibilbide oso polita da, naturaz eta inguruaz gozatzeko.


Eta Malaga bertatik irten gabe, Picasso eta Thyssen museoak bisitatu genitzake, edota antzezlanen bat ikustera joan, orain oso modan dagoen Soho auzoko antzokian, adibidez.

Egun gehiago ez ditugunez, inguruko herriak beste baterako utzi beharko ditugu, ados?

 

Veronica Balda, Enara Etxeberria eta Myriam Gurrutxaga.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!