Iurreamendi pasealekua garatzeko Plan Berezia onartu du udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko eka. 2a, 07:58

141 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du planak; bertako bizilagunak, ordea, haserre daude: «irtenbideak baziren arren, ez dugu gure bizitokia mantentzeko akordiorik lortu».

Tolosako Udalak behin betikoz onartu du Iurreamendi pasealekuaren hirigintza garapenerako Plan Berezia, azken osoko bilkuran. Guztira, 141 etxebizitza eraikitzea aurreikusten dute; 23 babestuak izango dira, 40 tasatuak. eta 78 geratuko dira libre. «Gure esku geratuko dira bertako lursailak eta herritarren erabilerara bideratuko da eraikiko den berdegunea», azaldu du udalak.

Erabaki «benetan garrantzitsua» dela adierazi du Egoitz Sorozabal hirigintza saileko zinegotziak. «Tramitazioari eta denborari dagokionez, proiektu zailenetako bat da. 60.000 metro karratu dituen eremua da, eta Mugikortasun Plana oinarri eta ardatz hartuta, aipatutako etxebizitzez gain, autoentzako 228 aparkaleku eta bizikletentzako beste hainbat sortuko dira. Oinezkoentzako eta bidegorrientzako bideak ere izango dira, mugikortasun jasangarriagoa sustatu ahal izateko», gaineratu du.

Plan berezia onartzeko erabakiak EAJ-PNV eta PSE-EE alderdiek osatzen duten gobernuaren baiezkoa jaso du. EH Bildu, bestalde, abstenitu egin da. Andu Martinez de Rituerto zinegotziak gogora ekarri du plan berezi hau 2009ko Hirigintza Planaren ondorioa dela. «Alderdi ekonomikoa lehenetsi zen orduan, antolamendu jasangarri eta orekatuaren aurretik, eta Larramendi auzoko gehiegizko eraikuntza zuritzeko tresna bilakatu zen Iurreamendi. Garatuko den plan berezia, herriaren beharrei erantzun eta hiri antolamendu jasangarri eta orekatua bermatuko duen tresna izatea espero dugu».

Era berean, etxebizitza, «oinarrizko eskubidea dela» eta etxebizitza politikak «tolosarron beharrei erantzun behar dietela» adieraziz, planari babesa emateko, bi helburu eskatu dizkio EH Bilduko bozeramaileak gobernuari: Babes Ofizialeko Etxebizitza guztiak alokairukoak izatea eta hirigintzako ekintzan sortutako gerakina Alde Zaharra eraberritu eta etxebizitza parke publikoa handitzeko inbertitzea. Horiek, behin plana onartu ondoren hartu beharreko erabakiak direla erantzun dio Sorozabalek. «Partzelazio proiektua zehaztu ondoren aztertu eta baloratuko ditugu».

LARRAMENDIKOAREN ONDORIO

Osoko bilkuran, Iurreamendi pasealekuko bi bizilagunek hartu zuten hitza. «Triste, haserre eta saminduta» agertu ziren. «Gaur onartu den plana, jasangarritasunaren aurka hartu den erabaki handienetakoa da. Gure bizitokia den Aiapur eraitsi egingo da. Iurreamendi pasealekuko bizigune bakarra da Aiapur, kaleko etxe bihurtutako baserria».

Duela 20 urte, Larramendi auzoan zeuden enpresak lekuz mugitu eta bertan etxebizitza berriak egiteko garatutako hirigintza plana ekarri zuten gogora bizilagunek. «Azken urteetako espekulazio urbanistiko handienaren ondorioa da. Foru Aldundiak ere atzera bota zuen, hirigintza parametroak betetzen ez zirelako. Plan hura ilegala zela aitortu zuen epaitegiak. Udalak, ordea, trikimailu ezberdinak erabili zituen. Sortutako plan orokor baten barruan sartu zuen proiektu hura, plan partzialak ematen ez zion babesa emanez, eta aurreikusitako gune berdeak Iurreamendira eraman ziren. Onartu berri den plana, beraz, guzti horren ondorioa da, eta ezin da aztertu astakeria hura kontuan izan gabe».

2006an, planaren onarpen prozesua hasi zenean, baserriak XVI. mendeko erreferentziak zituela zioen Aranzadiren dokumentu batek. Horregatik, eraikinaren defentsa eskatzen zuten bizilagunek. «Gure bizitokia planetik kanpo uztea eskatzen genuen. Larramendin, gauza bera egin zuten hiru bloketako bizilagunek, eta haien eskaera onartu zen; gurea, ordea, ez. Eskerrak gero etxebizitzaren krisia iritsi zela, gure lasaitasunerako».

2016an, Muñoa fundazioaren gutun bat jaso zuten bizilagunek, plana martxan jarriko zutela adieraziz, baina aurrez beraiekin hitz egin nahi zutela esanez. «Ordainetan etxebizitzak emango zizkiguten. Zentzu horretan, ordea, galtzaileak gara, orain dugun askatasuna eta bizi kalitatea galduko dugulako. Orduan, euren lurrak bazituztela eta, plana bertan garatzeko eskatu genuen. Akordio batera heldu nahi genuen, irtenbideak bazirelako, baina azkenean ez dugu gure bizitokia mantentzeko adostasunik lortu, eta haserre gaude». Gaur egun, bost familia unitate bizi dira Aiapurren.

Une honetan, Muñoa fundazioa da Iurreamendiko lursailen %93aren jabe; Aiapur etxeak %2 inguru hartzen du; eta gainerakoa, baratza publikoek osatzen dute. Fundazioak eta Tolosako Udalak, Iurreamendi pasealekuaren hirigintza azpi-esparruari buruzko hitzarmena sinatu zuten 2008an, eremua garatzean, udalari %10eko aprobetxamendua emango zitzaiola erabakiz. Hitzarmen hori 2020a baino lehen exekutatu ezean, ordea, bertan behera geratuko zen, eta hala gertatu da. «Ondorioz, udalak gaur egungo legedia aplikatuko du, eta jasoko duen aprobetxamendua %15ekoa izango da. Hortaz, oposizioak eskatutako helburuak betetzeko aukera dugu», azaldu du Sorozabalek.

«ETIKOKI EZ DA ZUZENA»

Etxebizitzaren arazoa, gaur egun, gizarteak duen arazo konplexuenetako bat dela esan dute bizilagunek. «Etxebizitza duin bat izatea oinarrizko eskubidea da, baina errealitatetik oso urruti dago. Espekulaziorako erabiltzen da, herritarren beharrak alde batera utziz. Gure kasuan, merkatuaren eta interes ekonomiko pribatuen menpe dagoen politika hauen kalteak pairatzea egokitu zaigu. Prozesua legala izango da, baina etikoki ez zaigu zuzena iruditzen. Izan ere, 141 etxebizitzen negozioak ordainduko du eraikiko den berdegune publikoa».

Halaber, nabarmendu dutenez, plan berezi honek ez du etxebizitza arazoa konponduko. «Beldur gara ez ote duen larriagotuko. Udalak berdegune bat egingo duela erakutsi nahiko du, horren atzean egon diren irregulartasunak ezkutuan utziz. Udalak herritarren artean saldu nahiko du etxebizitza sozialak egiten direla, baina ondo begira jarrita, oso eskasa da plan honetan garatzen den ikuspegi soziala. Zentzu horretan, oso kritikoak gara Muñoa fundazioaren jokabidearekin. Irabazi asmorik gabeko erakundea izanik, ez da onargarria, kaltetuak garenak kontuan izan gabe, negozio operazio batean sustatzaile izatea».

Azkenik, eta euren ikuspuntua arrazoitzeko, Aiapurrek duen balioa nabarmendu nahi izan dute bizilagunek. «Ondare kultural eta arkitektoniko bat desagertzera doa, eta horren aurrean udalak duen jarrera nahiko arriskutsua iruditzen zait. Oso garrantzitsua da edozein ondare zaharberritzearen edo mantentzearen aldeko apustua egitea. Kasu honetan, ez da Aiapurren inguruko berritze edo kontserbazio prozesu bat abiatu, eta proposamen guztiak atzera bota dira. Horrek, esaterako, asko aberastuko luke plana».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!