Kai Nakai izango da Sormenetik saioko hurrengo gonbidatua

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 31a, 15:52

Ekainaren 5ean izango da aurtengo lehen saioa, 12:00etan hasita, eta Oizeder Mayo kazetari zizurkildarrak elkarrizketatuko du musikari gasteiztarra.

Urtero, udaberrian eta udazkenean Sormenetik izeneko saio bana antolatzen ditu Galtzaundi Euskara Taldeak. Sormenari eta euskal kulturari buruz gogoeta egiteko saioak izan ohi dira Tolosako Zerkausiaren azpialdean antolatzen direnak. Ekainaren 5ean egingo da aurtengo lehen saioa eta Kai Nakai abeslari eta musikagilea izango da hitzorduko protagonista. Horretarako, Oizeder Mayo kazetari zizurkildarra egongo da oholtza gainean Kai Nakairekin batera, eta bere sormen prozesuaren, musika egiteko estiloaren hautuaren eta beste zenbait gairen inguruko galderak bideratuko ditu. Elkarrizketan gain, abeslari gasteiztarraren musikaz ere gozatu ahal izango da. Hitzordua 12:00etan hasiko da, Tolosako Zerkausiko azpialdean TAK arraun klubak duen gunean. Ekitaldia irekia izango da, osasun neurriek baldintzatutako edukiera mugarekin eta bete beharreko higiene eta distantzia neurriak betez.

Iratxe Aguilera abeslari gasteiztarra Kai Nakai izen artistikoarekin da ezaguna musikaren munduan. Reggaetoi musika estiloa abesten du euskaraz eta bere abestien letrek feminismoa dute oinarri. 2019an Durangoko Azokako Sormen Beka irabazi zuen musika urbanoa egiteari buruzko proposamenarekin eta bere lehen diskoa 2020an argitaratu zuen ‘Baimenik gabe’ izenarekin. Durangoko Azokan aurkeztu zuen diskoa eta lehen zuzenekoa ere bertan egin zuen DJ batekin eta Maria Roca eta AnePe Acedo dantzariekin batera.

Tolosako kale erabilera neurketek adierazten dutenez, larunbateroko azokaren bueltan dago euskara indartsuen, eta proiektu honen bitartez, euskara indartsuen dagoen gunea hauspotu nahi da. Bestetik, kultur espresio ezberdinak gune berean batu asmo ditu Galtzaundik, kultur hausnarketarako eta heziketarako gune bilakatu eta bateko eta besteko herritarrak eta kultur espresioak ezagutzera emateko. Hori dela eta, euskara, sorkuntza eta azoka elkarren artean aberasteko, Sormenetik saioen edizio berri honetan ere publikoak euskal sortzaileen ikuspegia zuzenean jasotzeko aukera izango du, pintxoak dastatu eta bestelako kultur espresioak aldi berean ikustearekin batera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!