Mahala Binakako Euskal Pentatloia 2021

Iñaki Errazkin eta Aratz Mugertza, binakako euskal pentatloiaren finalera

Imanol Garcia Landa 2021ko mai. 29a, 21:22

Tolosarrak eta mutrikuarrak osatutako bikoteak kanporaketako hirugarren denbora onena egin dute.

Sei bikote pasa dira II. Mahala Binakako Euskal Pentatloiaren finalera, Tolosako zezen plazan egin den kanporaketan azkarrenak izan direnak. Ioritz Gisasola Zelai IV.a eta Jon Gisasola Zelai V.a izan dira azkarrenak, bost probak 18 minutu eta 16 segundotan eginez. Bigarren, Jexux Mari Iruretagoiena Izeta III.a eta Andoni Iruretagoiena Izeta IV.a izan dira, 18.24rekin; hirugarren Iñaki Errazkin eta Aratz Mugertza, 18.44rekin; laugarren Kepa Peñagarikano eta Gorka Etxeberria, 18.56rekin; bosgarren Mikel Larrañaga eta Jon Unanue Goenatxo III.a, 19.09rekin; eta seigarren Jagoba Otaegi eta Luis Txapartegi, 20.09rekin.

Finaletik kanpo geratu dira: Benat Amade eta Aritz Irazabal (20.20), Xabier Urrutia eta Julen Kañamares (21.45), Mikel Agirre eta Ousmane Drame (22.14), Jose Martin Bustinza Tubi eta Jokin Eizmendi (23.27) eta Julio Jimnez eta Daniel España (26.09).

Iñaki Errazkin tolosarra gustura azaldu da egindako lanarekin: "Entrenamenduetan egiten genuen denboratan ibili gara eta pozik gaude finalera pasa garelako". Finala ekainaren 20an izango da, Tolosako zezen plazan, eta lan bikoitza egin beharko dute. Datorren asteburuan entrenamendua egingo dute eta gero bi astetan atseden hartuko dute, finalean "ahal duten gehiena" emateko. Finalean irabaztera joango direla gaineratu du Errazkinek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!