Roland Garroseko lehen kanporaketa jokatuko du Lara Arruabarrenak

Ataria 2021eko maiatzaren 29a

Hiru aurre-kanporaketa gaindituta, eta bi urtez kanpoan geratu ondoren, tolosarrak seigarren aldiz zapalduko du Parisko lur harrotua.

Tenisaren munduak buelta asko eman ditzake, eta zoritxarrez, 29 urterekin, kirol honen bi aldeak bizitzea egokitu zaio Lara Arruabarrenari. Zazpi hilabetez emaitza txarrak izan ondoren, apirilean, Bogotako Colsanitas Kopako koadro nagusian sartu zen tolosarra, eta atzo ere, kirol honen alde ona dastatu ahal izan du.

Horretarako, baina, hiru partida irabazi behar izan ditu. Asteartean, 7-6 eta 6-2 hartu zuen mendean Usue Maitane Arconada jokalari estatubatuarra. Asteazkenean, berriz, Antonia Lottner alemaniarraren aurka jokatu zuen. Lehen seta 6-7 galdu arren, partida iraultzea lortu zuen: 6-2 eta 6-4. Azkenik, atzo, Carol Zhao kanadarrari egin behar izan zion aurre. WTA sailkapeneko 324. postuan dago Zhao (Arruabarrena 191.a da zerrenda horretan), eta beraz, tolosarra zen faboritoa. Azkenean, nahiko erraz menderatu zuen aurkaria: 6-4 eta 6-2.

Roland Garros txapelketaren kasuan, aurre-kanporaketa fase bat igaro behar izaten dute sailkapenean puntu gutxien duten tenislariek. Hain justu, 239 tenislari aritu dira nor baino nor gehiago, eta horietatik, gutxi batzuk lortzen dute aurrera egitea. Bihar hasiko da Parisko torneoaren fase nagusia, eta 111 tenislarik hartuko dute parte. Arruabarrenak, Varvara Grachova errusiar gaztea izango du aurkari. Astelehenean izango da partida, 16:30tan. Grachova, 94.a da WTA sailkapenean, eta beraz, galtzak bete lan izango ditu tolosarrak, aurrera egin nahi badu behintzat.

Orain arte, bigarren kanporaketara sailkatzea izan da Arruabarrenaren lorpen handiena Frantziako txapelketan. Behin bakarrik gainditu du lehen kanporaketa, 2015ean. Aurten, beraz, emaitza hori berdintzen edo gainditzen saiatuko da tolosarra.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!